Kaskagorri eta Txori Barroteri jarritako zigorren kontra, geldialdia aurten ere

Aste Nagusi «herrikoi eta parte hartzaile» baten alde planto egingo dute eta bestelako ekintzak antolatuko dituzte

Txosnak hutsik, iazko Aste Nagusian, plantoagatik. MARISOL RAMIREZ / ARG.
Bilbo
2011ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Aurreko urteko jaietan bezala, Bilboko Konpartsek planto egingo dute aurtengo Aste Nagusian ere, euskal presoen argazkiak erakusteagatik Kaskagorri eta Txori Barrote konpartsen kontrako zigorrak bertan behera gelditzeko eskatzeko. Abuztuaren 24an,asteazkenarekin, «beltzez tindatuko» dute Bilbo. Bi urtez txosna jartzeko debekua jarri zieten bi konpartsa horiei, 2009an. Bilboko Konpartsek adierazi dutenez, Txori Barrotek eta Kaskagorrik «jaietan parte hartuko dute eta beste konpartsa guztietako ateak zabal-zabalik izango dituzte».

Horrez gain, Jai Batzorde mistoa berreskuratzea eta esparru publikoaren erabilerarako ordenantzen inguruko arazoak murrizteko konpromisoa ere eskatu dute konpartsetako ordezkariek, prentsaurreko batean.

Alderdietako ordezkariekin harremanak izan dituzte, eta arazoak konpontzeko jarrera badagoela azaldu dute: «Udalarekin arazoei buruz hitz egin dugu, eta badirudi gauzek hobera jo dezaketela. Baina zehaztasuna eskatu dugu, ez baitu balio gauzak hobetzeko asmoarekin bakarrik».

Lehengo urteko jaietan bezala asteazkenean txosnak itxiko badituzte ere, aurten «bestelako formatua» hartuko du protestak; egun horretan zenbait ekintza antolatuko dituzte konpartsek: Goizean «lotsaren korridorea» kokatuko dute txosnetan. Bilboko Konpartsek eta Aste Nagusiak urteetan zehar bizitzako arazoen laburpena egingo dute erakusketa batean: «Jai Batzorde mistoa ezabatu izana; Inauterietan gertatu bezala, indaba, tostada eta pontxe lehiaketak kalean antolatu ezina; zigortutako konpartsa bi izatea...». Goizean bertan, Marijaiak hiriko kaleak hartuko ditu «jai herrikoi eta parte hartzaileen alde».

Konpartsetakoen «desafioa»

Arratsaldean, Kale Nagusia hartuko dute, «desafioa» egiteko. Egingo dutena ezkutuan izango dutela diote, baina aurreratu dute zerbait: «Mugiezina ematen duena mugituko dugu», jakinarazi dute. Horrekin batera, beltzez tindatuko dute hiria, «adierazpen askatasunaren alde». Horretarako, Konpartseroen Harrotasunaren Desfilea egingo dute. Aste Nagusiko orain arteko ereduari sostengua eman nahi dion oro elastiko beltzez desfilatzera gonbidatu dute. Eskabideak jai giroarekin uztartuko direla azaldu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.