Kaskagorriko sei kidek akusazioak ukatu dituzte

«Terrorismoa goratzea» leporatuta deklaratu dute Madrilen, Aste Nagusian presoen argazkiak erakusteagatik

edurne begiristain
2011ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
«Terrorismoa goratzea» leporatuta, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu zuten atzo Kaskagorri konpartsako sei lagunek. 2005eko, 2006ko eta 2007ko Aste Nagusietako ekimenen inguruan galdekatu zien Ismael Moreno epaileak. Bereziki, 2007ko jaietan antolatutako ekitaldietan presoen argazkiak erakutsi eta haiek goratuta «terrorismoaren biktimei iseka» egin zietela leporatu zien epaileak. Kaskagorriko kideek, baina, ukatu egin zituzten inputazioak, Haizea Ziluaga abokatuak BERRIAri jakinarazi dionez.

Daniel Portero DyJ Dignidad y Justicia elkarteko kideak Auzitegi Nazionalean aurkeztutako kereilaren ondoren deklaratu behar izan dute Kaskagorriko lagunek.Bilboko Aste Nagusian egindako hainbat ekitalditan presoen argazkiak erakutsi zituztelako jarri zuen salaketa DyJ taldeak.

Orotara, Kaskagorri konpartsako bederatzi lagun deitu dituzte deklaratzera, baina falta diren beste hirurek oraindik ez dute jaso deklaratzeko zitaziorik, eta ez dakitenoiz joan beharko duten epailearen aurrera. Gaztesarea atariarekin lotura izateagatik deituko dituzte deklaratzera hiru lagun horiek. Kaskagorriren webgunea Gaztesareko zerbitzarian zegoelako inputatu dituzte.

Elkartasuna

Kaskagorri konpartsako kideek elkartasuna adierazi diete Auzitegi Nazionalera deklaratzera deitutako kide, kide ohi eta «lagunei», eta konpartsen kontrako «jazarpen etengabea» salatu dute, ohar batean. Halaber, arbuiatu egin dute urte hauetan guztietan «errepresioaren mamuak konpartsakide ugari bahitu» dizkietela eta orain, gainera, Espainiako Auzitegi Nazionalak konpartsaren kontra jo nahi duela, «konpartsakideak Aste Nagusian gurekin egoteko eskatzeagatik». Azpimarratu duenez, euskal presoekiko elkartasuna adieraztea ez da delitu.

Jai eredu herritarra oztopatzeko «etengabeko trabak» jartzen dituztela salatu du Kaskagorri konpartsak. Horren adibide dira, haren aburuz, Iñaki Azkuna Bilboko alkateak eta Julia Madrazo zinegotziak Kaskagorri eta Txori Barroteri ezarritako isunak eta Komantxe konpartsako kideei txosna jartzeko ipinitako eragozpenak.

Trapagako bi gazte

Trapagako (Bizkaia) bi gaztek ere Auzitegi Nazionalean deklaratu zuten atzo goizean, iazko herriko jaietan egindako kontzertu batean euskal presoen argazkia erakusteagatik «terrorismoa goratzea» egotzita. Eloi Velasco epaileak galdekatu zituen bi gazteak, baina haiek uko egin zioten deklaratzeari. AAMk elkartasuna adierazi die bi gazteei, eta presoekiko elkartasuna ez dela delitu adierazi du. Presoen elkartasunaren alde lanean jarraituko duela agindu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.