Kataluniarrek erreferendum batean hala erabakiko balute Kataluniaren independentzia onartzeko prest dago Espainiako Estatuko biztanleen gehiengoa, %52. Hori da UOC Univertsitat Oberta de Catalunyak auziaren inguruan egin duen azterketaren ondorio nagusietako bat. Ostiralean aurkeztuko dute ofizialki inkesta Madrilen, baina Vilaweb albistari digitalak emaitza nagusiak aurreratu ditu gaur.
Inkestak utzi dituen datuen arabera, Espainiako Estatuan ohikotan uste izaten dena baino jarrera malguagoa egongo litzateke Kataluniaren independentziaren edo erabakitze eskubidearen inguruan. Esan bezala, %52 independentzia onartzeko prest leudeke galdeketa batean kataluniarrek hala erabakiko balute, nahiz eta erreferenduma egin eta independentziaren aldeko hautuak irabaziko balu, Espainiak eta Kataluniak banaketa gerta dadin eragozteko negoziazio prozesua abian jartzearen aldekoak diren %72.Nolanahi ere, printzipio demokratikoak indarrean dagoen legediaren gainetik jarriko lituzkete %64k: era demokratikoan hartutako erabaki bat legearen -esaterako, Konstituzioaren- kontrakoa balitz erabakia lehenetsiko lukete.
Era berean, Kataluniaren etorkizuna erabakitzeko eskubidea aitortzen dute inkestatutakoen %40k, eta %56k EAE eta Nafarroaren pareko kontzertu ekonomikoa emango lieke.
Inkesta iragan urrian egin zuten, eta 1.883 lagun elkarrizketatu zituzten. Inkesta horretan ez dituzte Espainiako Estatuko beste herriak bereizi, beraz, euskal herritarrak, galiziarrak eta Kataluniatik kanpoko Herrialde Katalanetako biztanleak ere sartu dituzte.
Esan bezala, Wilaweb-ek gaur plazaratu duena aurrerapen bat da, eta ostiralean aurkeztuko dute azterketa osorik.
Politika
Katalanek hala erabakiz gero independentzia onartzeko prest leudeke Espainiako Estatuko biztanleen %52
UOC Universitat Oberta de Catalunyak egindako inkesta baten emaitzak dira. Gehiengoa independentzia onartzeko prest dago, baina era berean, %72k nahiago du banaketa gerta ez dadin Espainiak Kataluniarekin negoziazioa abiatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu