Kataluniako galdeketa "gorrian dagoen semaforoa" da Mariano Rajoy Espainiako presidentearen arabera. Hala baieztatu du ERCko diputatu Alfredo Boschek erreferenduma galarazten zergatik tematu den galdetuta. "Konstituzioaren eta legeen arabera, Espainiak zer izan behar duen erabakitzeko gaitasuna espainiar guztiena da. Ez zuk, ez nik, ez kamera honek, ez bestelako batek ezin dio ukatu herritar bati berari ere bere herrialdea zer den erabakitzeko eskubidea", nabarmendu du Rajoyk.
Katalunian galdeketa egitea "konstituzioaren eta legearen gainetik" dago, Rajoyren arabera; beraz, haren arabera, "gorrian dagoen semaforoa da", eta "ez da demokratikoa". Boschek erantzun dio istripurik izatea nahi ez badu semaforo hori berdean jar dezala: "Semaforo gorri horren aurrean milioika lagun daude zain, askatasun osora igaro nahian, osoko demokraziara bidean". Nahi hori geldiarazteak, berriz, istripuren bat sor dezakeela uste du Boschek. "Azaroaren 9an boza ematera joango gara, lasai, bare, eta legearen baitan: boza ematea ezin da legez kanpokoa izan", gaineratu du.
Rajoyren arabera, espainiarrek "tradizioa, memoria eta ondarea" elkarbanatzen dituzte, eta horri eutsi egin behar zaiola dio. Eta gaineratu du "batzuek hala nahi duten arren" berak ez duela "txirotutako" Katalunia nahi.