Gobernua utziko dute Joana Ortega presidenteordeak, Ramon Espadaler Barne kontseilariak eta Jose Maria Pelegri Nekazaritza kontseilariak. UDCko zuzendaritza batzordeak Generalitatetik ateratzearen alde bozkatu du; hamasei boto horren alde, hamar kontra eta bi abstentzio.
Ordu eta erdiko bilera baten ostean, agerraldia egin dute Espadalerrek berak —UDCko idazkari nagusiak—, Antoni Fontek eta Montserrat Surrocak. Espadalerrek adierazi du "koherentziagatik" erabaki dutela irtetea gobernutik eta horren berri eman diotela jada Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteari. Espadalerrek ñabartu du erabaki horrekin UDCk ez duela federazioa hautsi nahi.
Vilaweb atariak Masen gertuko iturriak aipatuz jakinarazi duenez, Unioko sektore independentistako kideek ordezkatuko dituzte hiru kontseilariak. CDCk arratsaldean zehar egingo du bilera, egoera berria aztertzeko.
Kataluniako prozesu subiranistarekiko jarrera finkatzeko erreferenduma egin zuen igandean alderdi demokristauak. Josep Antoni Duran i Lleidak zuzendutako sektorearen alde egin dute militanteen %50ek, eta independentziaren alde argien lerratutakoenaren alde %46k. Horrek barne zatiketa utzi zuen agerian UDC Unio Democratica de Catalunyan, eta kolokan jarri zuen Convergenciarekin duen federazioa.