Kataluniako Hezkuntza Legeari lotuko zaizkiola iragarri dute murgiltzearen aldeko alderdiek

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko abenduaren 12a
18:39
Entzun

Hezkuntza erreformarako proposamena "errotik" aldatzeko eskatu diote murgiltzearen alde dauden Kataluniako alderdiek Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroari. Jakinarazi dute Kataluniako Hezkuntza Legeari lotuta jarraituko dutela aurrerantzean ere, eta, beraz, segituko dutela orokortutako murgiltze ereduarekin. Werten proposamena aurrera ateratzen bada, horrenbestez, ez diote jaramonik egingo Katalunian: "Gure aldetik jardungo dugu".

Murgiltze ereduaren alde dauden Kataluniako alderdiak bilduta egon dira gaur arratsaldean, Espainiako Gobernuaren erreforma asmoari erantzun bateratu bat emateko asmoarekin. Hezkuntzako eragileekin batera, honako talde hauek daude batuta: CiU, ERC, PSC eta ICV-EUiA. CUP alderdiko kideak ez zituen gonbidatu Generalitateak. Protesta egin dute horregatik; elkarretaratuta zeudela, Artur Mas presidentea hurbildu zaie, eta barrura sartzeko eskatu die. 

PP eta Ciudadants alderdiak falta dira bilkuran. Kataluniako PPko presidente Alicia Sanchez-Camachok Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroari eskatu dio aldatzeko ikasgaiak sailkatzeko egin duen proposamena. Gaztelania "enborreko" ikasgai izendatu du Wertek, eta katalana eta euskara, "espezialitateko". Horrek "gaizkiulertuak" sor ditzakeela uste du Sanchez-Camachok. Nolanahi ere, nabarmendu du gaztelaniaren pareko izango direla katalana eta euskara, "arrazoizko portzentajean" erabili beharko direla. Mugak zehaztea erkidegoen esku egongo dela adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.