Kataluniako pertsona ezagun ugarik beste espetxe politika bat eskatu dute

Sakabanaketa amaitzeko eta gaixotasun larriko presoak aske uzteko eskatzen dute, 'Virreina II' agirian

Agerraldi bat egin zuten atzo Bartzelonan, agiriaren berri emateko. ORIOL CLAVERA.
joxerra senar
2011ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
2004ko urtarrilean Kataluniako 75 erakundek Virreina izeneko agiria kaleratu zuten, Espainiako Estatuaren espetxe politika salatzeko. Zazpi urte geroago, Kataluniako politika, gizarte, kultura eta kirol arloetan lan egiten duten 70 pertsona ezagunek 2004an egindako aldarrikapen hura erabat berretsi eta «beste espetxe politika bat beharrezkoa eta posible» dela aldarrikatu zuten atzo Bartzelonan. Sinatzaileen artean dira, besteak beste, Josep Lluis Carod-Rovira Generalitateko presidenteorde ohia, Arcadi Oliveres Justicia i Paueko presidentea, Lluis Llach kantaria eta Olleguer Presas Ajaxeko futbol jokalaria. Pertsona ezagun horiez gain, batez ere giza eskubideen alde aritzen diren hamar elkartek bat egin dute agiri horrekin. 2004ko adierazpen hura gogoan, Virreina II deitu diote atzo kaleratutako agiriari.

Kataluniako Kazetarien Elkartean aurkeztu zuten Virreina II adierazpena, atzo eguerdian. Han duela zazpi urte egindako adierazpena bere horretan hartu, eta «erabat» berretsi dute orduko edukia. Lau puntu ditu adierazpenak, eta espetxe arloan nazioarteko hainbat erakundek adierazitako gomendioak eta nazioarteko legedia aintzat hartuta, egungo espetxe politika aldatzeko eskatzen diote Espainiako Gobernuari.

Lehenik, euskal presoak «sakabanatu, urrundu eta bakartzeko» egungo politika amaitzeko eskatzen dute, eta gogorarazi dute egungo ordenamendu juridikoaren arabera presoek bere gizartearen eta familien berezko tokitik gertuen bete behar dituztela zigorrak.

Bigarrenik, egungo legedia zein humanismoaren printzipioak aintzat hartuta, gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoak aske uztea galdegiten dute. Era berean, euren hasierako zigorra betetzear diren presoei zigorra luzatzeko Parot doktrina deritzon neurria berraztertzearen alde daude, eta oro har presoei tratamendu duin bat emate aldera, espetxe arloko egungo legedia «bereizketarik gabe» ezartzeko eskatzen dute.

Hirugarrenik, askatasunik gabe espetxean dagoen pertsona orori dagozkion eskubideak errespetatzeko eskatzen dute: hala nola osasunerako, hezkuntzarako eta senide zein lagunekin «bakarka» egoteko aukera izatea. Azkenik, presoen senideek izan dezaketen «neurrigabeko presio edo edozein motatako zailtasun gehigarri oro» amaitzeko eskatzen dute.

Ordezkaritza zabala

Sinatzaileen artean ordezkaritza zabala dago. Politikagintzan, Carod-Roviraz gain, adierazpena ERCko Anna Simok, David Minovesek eta Oriol Jonquerasek, Iniciativaper Catalunya Verdseko Dolor Camats, Jordi Miralles eta Merce Civit diputatuek, Solidaritateko Toni Strubell diputatuak eta Esquerra Europeako Angel Tomasek sinatu dute. Kultur eta unibertsitate mundutik, hauek eman dute babesa: Joan Subirats eta Salvador Cardus Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Zientzia politikoetako katedradunek, Antoni Segura historialariak, Quimi Portet El Ultimo de la Filakokideak, Mathew Tree, Ignasi Riera eta Isabel Clara-Simo idazleek, Vicent Partal, Victor Reixach eta Jesus Rodriguez kazetariek.

Gainera, Jaume Saura Kataluniako Giza Eskubideen Institutuko presidenteak eta August Gil Matamala Europako Abokatu Demokraten elkarteko presidente ohiakere bat egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.