ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Kate luzea osatu dute Donostian erabakitzeko eskubidearen alde

Ekitaldi ugari antolatu dituzte gaur Gure Esku Dago dinamikaren aterkipean, ekainaren 8ko giza kateari begira.

Anoeta estadio aurrean gaur goizean eginiko katea. @GUREESKUAMARABERRI
2014ko maiatzaren 10a
11:57
Entzun

Hilabete baino gutxiago falta da Gure Esku Dago mugimenduak deitutako giza kate handirako, eta gero eta beroago dago giroa herritarren artean. Ekainaren 8an Durango eta Iruñe artean izango denaren aurrerapen gisa-edo, hamaika ekitaldi antolatu dituzte astebururako, herriz herri, erabakitzeko eskubidearen alde. "Martxa hartuta, gelditzeko asmorik gabe dihardugu", adierazi dute mugimenduko kideek.

Donostian, hiru zutabe abiatu dira 12:30ean: Antiguatik, Bilbo plazatik eta Saguesetik. Bulebarrean elkartu dira guztiak ondoren. Lehenago jarri dute hitzordua Amara Berrin, 11:00etan, Anoeta estadioan giza katea egin eta ondoren gainontzeko donostiarrekin elkartzeko. Giza kateak egingo dituzte Lekeition (18:00) eta Eibarren ere (20:00).

Egun osorako egitarauak ere antolatu dituzte hainbat herritan: Lezaman, Ugaon eta Mendaron, esaterako. Kantuan eta dantzan jarri nahi dituzte herritarrak Mungian (17:00, Foruen plazan) eta Errenterian (12:00, Zumardian). Argazkiak atera dituzte Zuian (13:30) eta beste horrenbeste egingo dute Beran (19:00), eta gauean bertso saioa izango da Donostiako Le Bukowski tabernan.

Igandean ere izango dute segida ekitaldiek: jai egunak antolatu dituzte Muskizen eta Bilboko Errekalde auzoan, eta aurkezpena egingo dute Amoroton (12:30). Itsasoz bestalde, Buenos Airesen ere emango dute dinamikaren berri, euskal diasporaren eskutik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.