Prostituzio iragarkiak desagertzear daude paperezko kazetetatik eta kazeta digitaletatik. Espainiako Gobernuak Publizitatearen Lege Orokorra aldatzeko proposamen bat egin zien atzo Espainiako Kongresuko alderdiei. Paperezko prentsan zein digitalean prostituzioan aritzen diren pertsonen eta egoitzen publizitatea debekatu nahi du gobernuak aldaketa horren bidez. Gainera, alderdien esku utzi du ikus-entzunezkoek ere lege hori bete behar izatea.
Berdintasunerako Kontseiluan PSOEko bozeramaile Carmen Montonek adierazi duenez, ez litzateke baztertu beharko neurria telebistan ere ezartzea, «zentzuzkoagoa» bailitzateke.
Esplotazio sexualerako gizakiak salerostearen aurkako egitasmoak berak ohartarazi zuen komunikabideetatik prostituzio iragarkiak desagerrarazteko beharra, 2008an idatzi zuen txostenean.
Legearen 5. artikulua aldatuz gero, kazeten edizio digitalek ere izango dute prostituzioa iragartzeko debekua, helduei bideratutako webguneak ez diren heinean. Edonola ere, paperezko edizioa duten kazetei baino ez lieke eragingo neurri horrek; hortaz, ez lukete aldaketarik egin beharko Interneten soilik dihardutenek.
Araudia betetzen ez duten kazetei isuna jarriko dietela ere jasotzen du gobernuaren lege proiektuak. Fiskaltzak ez ezik, emakume eta gizonen parekidetasunerako edo adingabeen eskubideen babeserako lan egiten duten erakunde publiko zein pribatuek esku hartu ahal izango dute, inork araua urratuz gero. Indar politikoekin batzartu ondoren, zenbait komunikabidetako zuzendaritzekin bilduko da gobernua, haien ikuspegia ere jasotze aldera.
Aidoren azken aukera
Orain arte Berdintasunerako estatu idazkari izan denak bultzatu zuen proposamena bere garaian, Bibiana Aidok. Espainiako Kongresuak iazko irailean aho batez onartu zuen hark prostituzio iragarkiak prentsatik kentzeko egin zuen proposamena. Estatuko Kontseiluak ere ontzat jo zuen prostituzio iragarkiak debekatzea edo mugatzea, eta Publizitatearen Lege Orokorra moldatzeko bidea zabaldu zuen. Aidok atzo igorri zien lege proposamena kongresuko taldeei, Estatu idazkari gisa izan zuen azken egunean. Laura Seara Emakumearen Espainiako Institutuko zuzendariak ordezkatuko du gaurtik aurrera, NBE Nazio Batuen Erakundeko emakumearen sailean aholkulari gisa hasiko baita Aido.
Datorren astean ekingo diote lege erreforma idazteari, eta legealdia akitu aurretik indarrean izango dela espero du gobernuak. Izan ere, parlamentuko alderdi guztiak iritzi berekoak baitiragai horren inguruan, irailean proposamenari eman zioten erantzuna kontuan hartuz gero.
Kazeta digitaletan ere ezingo da iragarri prostituzioa
Espainiako Gobernuak lege proposamen bat aurkeztu die alderdiei, eta legealdia amaitu aurretik onartu nahi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu