Azken urteetan kazetaritzan gertatzen ari den aldaketa ulertzeko, gaur egun informazioa baldintzatzen duten hiru gertakari nabarmendu ditu Ferrerrek. Teknologia berrien aroan, globalizazioarekin batera kontzentrazioa gertatzen ari da, hedabide talde handiak sortuz. Talde horiek gobernuei presio egiten diete; hedatzen jarraitu ahal izateko mugak lausotzeko eskatzen diete. Hedabideak bestelako botere batzuen «luzakin mediatikoak» bihurtu dira, Ferrerren iritziz.
Horrez gain, egungo informazio enpresek «informazioaren salerosketaren» maila guztiak kontrolpean dituztela gaineratu du kazetariak: edukien sorrera, igorpena, kontsumitzaileekin harremana... Enpresa horiek ere hedabide mota guztiak izan nahi dituzte eskura, telebista dela, irratia dela, edo prentsa dela. Ordea, garai batean helburu nagusia zena, zerbitzu publikoa izateko borondateak, atzera egin duela gaineratu du.
Azkenik, hedabideen eta politikarien arteko harremana aldatuz joan dela gaineratu du Ferrerrek. Hala, historikoki hedabideak boterepolitikoaren kontrako jarrerarekin sortu arren gaur egun botere horrekin «identifikatzeko» jarrera dute. «Hedabideak boterea biltzeko tresna dira; komunikazioa ez da askatasuna lortzeko faktorea jada, menperatzeko baizik». New Yorkeko 2001ko eta Madrilgo 2004ko atentatuen ostean hedabideak «iruzur masiboen arma» bihurtu direla kritikatu du Ferrerrek. Irakeko gerra horren adibide argiena izan daiteke kazetariaren arabera, XIX. mendearen bukaeran Maine AEBko guduontziaren leherketa izan zen bezala. «Herritarra babesik gabe dago inolako kontrolik ez duten hedabide taldeen aurrean».
Etorkizunerako erronkak
Testuinguru horretan, eta teknologia berriek gaur egun duten eta izango duten garrantzia kontuan hartuta, horri aurre egin beharko dio kazetaritzak. «Teknologiak heldu dira, eta geldituko dira; kontrakoa pentsatzen duena paretaren kontra joko da etengabe». Berrikuntza horrekin kazetaritza ogibidea desegin da botere talde bakoitzaren nahien arabera. «Botere talde batzuk ikusi zuten errazagoa zela haien informazioa lortzea, hedabideek idazten zutena kontrolpean izatea baino».
Kazetariaren lanak gero eta indar gutxiago duela gehitu du. «Garai batean kazetariak erabaki teknikoak hartu behar zituen, baina horretaz gain erabaki horiek etikan oinarrituta egon behar zuten». Etika hori bermatzeko kazetariak zorrotza izan behar du ematen duen informazioarekin, eta independentea izan behar du horren berri ematerakoan. Kazetariaren lana nabarmendu du Ferrerrek gaur egungo mundu globalizatuan, zeinean edonork eman dezakeen gertakari baten berri. «Osasunerako eskubidea dagoelako sendagileak dauden bezala, kazetariak egon behar dute informaziorako eskubidea dagoelako». Testuinguru horretan, ordea, kazetariak albistea bere tokian jarri behar du.
Hori da, hain zuzen ere, etorkizunerako beste erronka bat, Ferrerren iritziz. Kazetariak testuinguruaren berri eman behar du gertakariaren neurria ulertzeko baliogarria izan dadin. Jazoeraren zergatiaren giltzak, alegia. «Lortu behar dena irakurlea ez nahastea da».
Ferrerren ustez «iparra galdu da» garrantzitsua den informazioa zehazterakoan. Hedabideetan dagoen «zarata informatibo» horren baitan kazetariak agerian utzi behar du zer den garrantzitsua. Ferrerren ustez hori lortzeko hedabideek haien irizpideetan oinarrituta egin behar dute aurrera, botere ezberdinek markatzen duten aldez-aurreko ildoa jarraitu gabe. «Hedabide batek ideologia bat izan dezake, baina beste gauza bat norbaiten ordezkari izatea da».
Hori gertatu ez dadin kazetarien eta hedabideen etikaren garrantzia nabarmendu du, zerbitzu publikoa eskaini eta gizartearen eskubidea modu zuzen batean kudeatu dezaten. «Hedabideek toki bat dute gure bizitzan; ondo legoke gizarte hobea egiteko balio izatea».
Gaur
17:00etan. Irratigintza internet aroan izeneko World Kafea egingo da Artium museoan, gai horren inguruan hausnarketa egiteko.19:30ean. Irratigintzaren geroaz hitz egingo dute Jose Luis Aizpuruk (Euskal Irratiak), Mikel Bujandak (Euskalerria Irratia) eta Xabier Monasteriok (Bilbo Hiria Irratia). Ismael Diaz de Mendibil Gasteiz Irratiko kazetariak moderatzaile lana egingo du.