atorren astelehenean bi urte beteko dira ETAk Zangozan bi polizia hil zituenetik, eta geroztik ez du beste inor hil. 1972tik, ETAk ez zuen inoiz horrenbesteko denbora egin hilketarik egin gabe, ezta 1998ko su-eten garaian ere. Atentatu asko egin ditu hala ere, kalte materialak eragiteko asmoz ia beti, nahiz eta batzuetan, indar handiko lehergailuak erabili dituenean, biktimak eragiteko arriskuak ere sortu dituen. Eta Zangozakoaz geroztik hilketa saio bat egin du behintzat, Herrerako mendatean 2003ko irailean ertzainen aurka egindako erasoan: ertzain bat larri zauritu zen, beste bat arin, eta Arkaitz Otazua ETAko kidea hil egin zen. ETAko beste kide bat ere hil da bi urteotan, Oihane Errazkin presoa, bere buruaz bete eginda.
Herrerakoaz geroztik hilketa ahalegin agerikorik ez du egin ETAk, eta ez du inoiz adierazi huts egindako saiorik egin ote duen. Atentatu gehienak indar gutxiko lehergailuekin egin ditu aspaldian, baina bestelakoak ere egin ditu bi urteotan, eta garaian garaiko gobernu eta polizi arduradunek hiltzeko asmoa leporatu izan diote erakunde armatuari.2003ko eguberrietan Chamartingo geltokira zihoan trenean lehergailua jarriz sarraskia egin nahia leporatu zioten ETAri, esate batera, Acebesek eta Aznarrek, baina trena hutsik zegoela lehertzeko prestatu zituztela bonbak argitu zuen epaiak; hala ere, sortu zuten arriskuagatik 184 hilketa saio egotzi eta 2.775 kartzelara zigortu zituzten bi atxilotuak. Garai bertsuan, iazko otsailean, Cuencan 536 kilo lehergailu zeramatzan furgoneta atzeman zutenean ere Poliziak triskantza eragotzi zuela adierazi zuten PPko buruek, baina geroztik argitu da industriagune baten aurkako atentatua egin nahi zutela, besteak beste Perez Rubalcaba sozialistaren eta Garzon epailearen ahotik. Sozialisten aroan ere, ETAko ustezko kideak atxilotu izan dituzten hainbat alditan zabaldu dute atxilotuek hiltzeko agindua zutela, joan den otsailean adibidez, Valentzian atxilotutako bi kidek Garikoitz Azpiazu ETAko ustezko buruzagiaren agindua zutela hedatu zutenean. Baina geroztik, ETAk ez du hiltzeko ahalegin nabarmenik egin. Ezta aurretik ere, hilabete askoan.Estrategia armatuaren nondik norakoen argibiderik ez du eman, noski, ETAk bi urteotan.Zangozako atentatua baino bi aste lehenago, 2002ko Asanblada eztabaida prozesuaren ondorioak Zutabe 100 aldizkarian plazaratu zituen, eta borroka armatuaren ildoari buruzko atalean, ETAko kideen artean lau jarrera agertu zirela irakur zitekeen: «dagoen ildoa mantentzearen aldekoak», «gatazka azkartu egin behar dela diotenak», «borroka armatuarenak egin duela diotenak», eta «gaur egungo ildo politiko eta militarrean egokipen bat behar dela» uste dutenak. Ondorioetan, berriz, «dauden indarren erabilpen zorrotza eta egokia egitea» ezinbestekoa zela zioen, «eraginkortasun gehien lortzeko moduan». Ildo politikoari buruzko ondorioetan, Euskal Herria «aldaketa posible batzuen atarian» zegoela zioen. PPren garaiak ziren, artean.
Aldaketa posible horien zantzua bi aste lehenago plazaratutako agirian suma zitekeen. Gatazkaren amaierarako giltza galdeketa izango zela zioen ETAk, eta «konponketaren bidean behar diren urratsak ibiltzeko» borondatea zuela. «Behar diren urrats guztiak» egiteko prestutasunarena gehiago zehaztu zuen urte bukaeran, Bergarako Ekimenaren harira: Espainiako hauteskundeetan autodeterminazioaren aldeko indarrekhautagaitza bateratua osatzeko «beharko liratekeen neurriak hartu eta behar diren urrats guztiak» egiteko gertu zegoela adierazi zuen. ETA su-etena eskaintzen ari zela esan zuen Batasunak. Urrats zehatzagoa egin zuen handik bi hilabetera, ERCrekin bilera egin zuela baieztatu eta bi astera, Kataluniarako su-etena eman zuenean.
Martxoa mugarri
Martxoaren 11 (Madrilgo atentatuak) eta martxoaren 14a (Zapateroren garaipena) mugarriak izan ziren. Hortik aurrerako adierazpenetan, «konponketa elkarrizketa bidez lortzeko prestutasun osoa» duela adierazteaz gain, lortzeko esperantza ere badagoela azaldu du ETAk. Askotan errepikatu du, geroztik, pasarte bera: «Zentzuzko etaarrazoizko bidetatik bakea lortzea posible da. Hori da ETAren nahia. Eta ez dugu etsiko». PSOEk Espainiako hauteskundeak irabazi bezperan datatutako agirian adirazizuen lehenengo aldiz mezu hori, eta gerora sarri berretsi.
Hurrengo adierazpenetan «orain beste aukera bat» dagoela esan du behin eta berriro ETAk, eta aukera horren inguruko jarrera zehaztu, 2004ko urrian, bederatzi puntuko adierazpenean: gatazka gainditzeko «adostasun eta hitzarmen zabala» beharko dela; «modu bakarra» elkarrizketa prozesu zabal eta zehatza antolatzea dela; «saiatu gabeko bide berriak saiatzeko garaia» dela; irtenbiderako oinarriak «gaurko soluzioak (Euskal Herriaren oinarrizko eskubide guztien errespetua) eta biharko aukerak (Euskal Herriarentzat aukera guztiak ahalbidetuko dituen egoeraren bermea)» izan beharko luketela... eta ETA prest dagoela «horrelako prozesu batean buru-belarri murgiltzeko». Batasunak Anoetako proposamenaren berri eman baino hiru aste lehenago plazaratu zuen agiri hau. Hurrengo urtarrileanbaieztatu zuen ETAk Anoetan proposatutako prozesuan parte hartzeko «prestutasun eta borondate osoa» duela.
Berriari emandako elkarrizketa izan da ETAren azken adierazpen politikoa. Batetik, Espainiako Gobernuarekin negoziazio prozesu bat zabaltzeko saiakeran ari dela aitortu zuen, eta bestetik, Nazio Eztabaidagunearen baitako Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa «mugarri eta erreferentzia» izango dela ETArentzat, «aurrerapausua eragin duelako gatazkaren konponketari begira».
«Ez dugu etsiko»
ETA ez da, jakina, gatazka amaitzeko borondatea agertzera mugatu. Bake prozesu batean murgiltzeko prest dagoela adierazi duen ia guztietan gaineratu du ez duela etsiko. «Borrokan jarraitzeko asmo betea» zuela jakinarazi zuen martxoaren 11ko atentatuei buruzko agirian, «orain arte ildoan jarraitzeko erabakitasunaren» berri eman zuen Gudari Eguneko bideoan eta, besteak beste, Espainiako interes turistiko eta ekonomikoak bezala zerga iraultzailea ordaintzen ez duten euskal enpresariak jomugan dituela adierazi du bai agirietan eta bai atentatuen bidez.
Gaur egun borroka armatuak zer leku duen galdetuta, halaxe erantzun zion ETAk Berriari: «Nola bermatzen dugu euskaldunek hitza eta erabakia izatea? (...) Hain zuzen, aukera hori zabaltzeko borrokatzen du ETAk. Gaur itxiak diren espazio demokratikoak zabaltzeko erabiltzen dugu borroka armatua. Euskal herritar guztiok hitza hartzeko aukera izan dezagun, presio, muga eta mehatxurik gabe. Egoera hori iristen denean amaituko da borroka armatua».Su-etena emateko aukerari buruz ez du ETAk, agirietan, arrastorik ematen. 2002ko asanblada prozesuaren ondorioei buruzko Zutabe izan zen, nolabait, salbuespena, «ekintza armatuen etenaldia» erabakitzeko baldintzei buruzko gogoeta plazaratu baitzuen. Su-etena «prozesu baten bultzatzaile, lagungarri edo ondorio» izango dela zioen; «kontu handiz» erabili beharreko borroka-tresna dela, «askapen prozesuaren une garrantzitsuenak seinalatu baititu orain artean»; eta «su-eten baten testuinguruak ezker abertzale sendo bat» eskatzen duela.
Ke arteko urteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu