Hilkutxan giza arrastorik ez zegoela jakitea gogorra izan zen. Baina negar egiteko egunak pasatu dira. Orain, sekula baino kementsuago gaude ahizpa aurkitu eta hura lapurtu zutenek egindako minagatik eta kalteagatik ordain dezaten». Cecilia Losa Okarizen hitzak dira. Duela ia bi aste jakin zuten ustez haren ahizpa hilobiratuta zegoen hilkutxan medikuen gazak eta maindire bat baino ez zeudela. Haur lapurtuen aferaren harira zabaldu zuten bigarren kutxa zen, eta beste behin familiaren susmoa bete zen. Ez zegoen gorpurik. «Ahaleginak merezi izan du, dena den. Gurasoek ziotena egia dela frogatzeko balio izan du. Alde horretatik, lasai geratu dira. Gizartearen, Justiziaren eta politikarien aitortza jaso dute». Ikerketa azkeneraino eramateko beharra azaldu du. «Badakigu lapurreta haietan parte hartu zuten batzuk hilda egongo direla, eta beste batzuk adinagatik ez direla kartzelara joango. Baina nortzuk diren jakin behar dugu, izen eta abizenekin. Ez guk bakarrik, baizik eta gizarte osoak».
Mercedes Okariz, ama, 1977ko uztailaren 2an Donostiako Martin Santos klinikara eraman zuten. Zortzigarren umea izan behar zuen. Beraz, bazuen esperientzia erditzeetan. «Berehala konturatu zen zerbait arraroa gertatzen ari zela. Zazpi zentimetroko zegoen dilatatuta, eta haurra ia jaiotzear zegoen. Baina injekzio bat jarri zioten erditzea mantsotzeko. Hori ez da normala. Hurrengo egunean beste bat jarri zioten, baina kasu horretan, erditzea arintzeko. Ez zuen zentzurik».
Amak sekula ez zuen ikusi alaba. «Negar egiten baino ez zuen entzun». Berehala kendu zioten.Handik gutxira esan zioten larri zegoela, eta Arantzazuko Ama erietxera eraman behar zutela, han ez baitzegoen inkubagailurik. «Sekulako irregulartasunak egin zituzten. Anbulantzian eraman beharrean amaren ezkonahizpa bati esan zioten autoan eramateko. Erizain batek baino ez zien lagundu».
Egunero-egunero joaten zen Losaren aita alaba ikustera. «Pentsa nola dagoen orain aita. Behin eta berriz galdetzen dio bere buruari inkubagailuan ikusten zuen haur hura nor ote zen». Jaio eta zazpi egunera alaba hil egin zela esan zieten gurasoei. «Biriketan arazoak omen zituen, baina nire amak ez du sekula sinistu». Gainera, erietxetik irten eta egun gutxira, erditzean kasu egin zion ginekologoarekin egin zuen topo Losaren amak. «Haurra hil egin zela jakin zuenean, sinistu ezinda geratu zen».
Azkenean, ustez lapurtu zituzte haurren beste kasu batzuk azaltzean, ikertzen hastea erabaki zuten Losak eta haren zortzi anai-arrebek. Agiriak bilatzen hasi ziren. «Berehala hasi ginen gauza arraroak ikusten». Ahizpa ospitaleratzeko agiriaren arabera, arratsaldeko seietan iritsi ziren ospitalera. «Baina, berez, eguerdiko ordu batean izan zen. Zer gertatu zen bost ordu horietan nire ahizparekin?». Gainera, heriotza agiriak dio jaio eta lau egunera hil zela. Baina zazpi egunera esan zieten.
Ikerketarekin jarraitzea erabaki zuten, beraz. «Oso familia nekaezina eta burugogorra gara. Ez dugu edonola etsitzen. Are gutxiago halako egoera batean».
Hurrengo xedea panteoia ireki eta hilkutxan ahizparen gorpua ote zegoen ikustea zen; baita lortu ere. Gabonen aurretik jaso zuten epailearen baimena. «Jendeak pentsatuko du panteoia gurea izanda errazagoa izango zela baimena lortzea. Baina ez da horrela».
Epaileen eta politikarien lana
Hilaren 10ean ziren Polloeko hilerrian. «Alde batetik, pentsatzen genuen ez zela egongo ahizparen gorpua; baina, bestetik, bagenuen kontrakoaren itxaropen txiki bat ere».
Azkenean, susmoa bete zen. «Behintzat, orain badakigu hor ez dagoela eta bila jarraitu behar dugula». Hasi dira alderdi politiko eta erakundeekin hizketan laguntza eskatzeko. «Gure kasuak izandako oihartzuna aprobetxatu nahi dugu, konpromisoak eta laguntza eskatzeko, ez gure kasuak argitzeko bakarrik, baita salatu diren guztiak argitzeko ere. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua da. Zezenari adarretatik heldu, eta benetako urratsak egin behar ditugu egia jakiteko, denok elkarlanean».
Bilera horietan, beharrezkoak dituzten agiriak lortzeko familiei erraztasunak ematearen garrantzia azaldu diete politikariei. «Erakundeek zeresan handia dute horretan. Haien esku dago hori erraztu eta azkartzea. Zentzugabea da trabak jartzea. Gero epaileak erabakiko du agiri horiei zein balio eman. Baina familiari eskubide hori ukatzea bidegabea da».
Justiziari ikerketan «tinko» jarraitzeko eskatu dio. «Ez dezatela kasu bakar bat ere itxi. Denek merezi dute ikertzea. Poliziaren laguntzaz ziur gaude lapurreten atzean sare bat zegoela frogatu ahal izango dela».
Oraingoz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 300 kasu inguru daude auzitegietan. «Guri gertatutakoa jakin denetik, salatu diren kasuak ugaritu egin dira. Oso pozik gaude horregatik». Kaltetuak izan daitezkeela susmatzen dutenei dei argia egin die Losak. «Sala dezatela beldurrik gabe. SOS Haur Lapurtuak elkartearen babesa izango dute».
Baina nabarmendu du kaltetuek ez ezik ustez haurren lapurretan parte hartu zutenen berri dutenek ere garrantzia izan dezaketela auzian. «Zintzoak izan daitezela eta ez daitezela isilik geratu. Isilik geratzen direnak lapurren konplize dira, azken batean».
Kementsu egiaren bila
Haur lapurtuen auzia ikertzen jarraitzeko beharra azaldu du Losa Okariz familiak. Bide horretan, politikarien, epaileen eta herritarren arteko elkarlanaren alde egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu