Estatuko Fiskaltza Nagusiak kereila kriminala jarri du EAEko Auzitegi Nagusian Eusko Legebiltzarreko presidente Juan Maria Atutxaren aurka desobedientzia delitua egotzita. Atutxak gaur goizean Gasteizko Legebiltzarrean egin den osoko bilkuran SAko parlamentario Jone Goirizelaiari hitza eman dio, Espainiako Auzitegi Gorenak Sozialista Abertzaleak taldea desegiteko eman duen autoari muzin eginez.
Halaber, Eusko Legebiltzarreko lehen lehendakariorde Gorka Knorr (EA) eta bigarren idazkari Kontxi Bilbaoren (EB-IU) aurka jarri du kereila Fiskaltzak. Hiru legebiltzarkideei sei hilabete eta bi urteko arteko inhabilitazioa galdegin die Estatu Fiskaltza Nagusiak, eta isuna ordaintzea.
Eguerdi partean jakin da Jesus Cardenal Estatuko Fiskal Nagusiak atzo iragarritako kereila kriminalaren berri. Juan Mari Atutxa Legebiltzarreko presidenteak bere aurkako salaketa jaso ondoren "lasai baina harrituta" dagoela esan du. Hori esateko 2002ko azaroaren 28an Fiskaltzari aurkezturiko txosten batean oinarritu da Atutxa: "Orduan txostena zuria zela esan zuten, eta orain txostena beltza dela". Txosten hark jasotzen zuenez, alderdi politiko bat legez kanpo utzita ere, horrek ez du suposatzen alderdi horren talde parlamentarioa desegitea.
Eusko Alkartasuneko parlamentario eta Legebiltzarreko mahaiaren lehen lehendakariorde Gorka Knorrek, berriz, "kontzientzia oso lasai duela" adierazi du albistea jakin bezain pronto, eta kereila "ekinbide juridikoa ez, baizik eta ekinbide politikotik" eratorri dela azpimarratu. Horrez gain, Legebiltzarreko mahaiko kide Manuel Huertasen (PSE-EE) aurka salaketarik zergatik ez duen jarri galdetu dio Jesus Cardenali. Kontxi Bilbao ere lasai agertu da hedabideen aurrean, eta "borondate onarekin eta dagokion ardurarekin" jokatu duela berretsi du.
Azkenik, Mariano Raxoik, Espainiako Gobernuko lehen lehendakariordeak, kereila kriminala "oso bidezkoa" izan dela adierazi du Madrilen, "herritar guztiak baikaude legeak dioena betetzera".Raxoiren arabera, Auzitegi Gorenaren erabaki judizialak betetzeko dira, eta "betetzen ez dituenak berak pairatuko ditu ondorioak". Gasteizko Legebiltzarreko mahaiko bigarren lehendakariorde Carmelo Barriok Zuzenbide Estatuaren "funtzionamendu normalaren adibide baten aurrean gaudela" nabarmendu du.
Batasunaren ilegalizazioa
Kereila kriminala jarri die Espainiako Fiskaltza Nagusiak Juan Maria Atutxa, Gorka Knorr eta Kontxi Bilbaori
Gaur goizean Gasteizko Legebiltzarrean izandako jarrera dela eta, –Juan Mari Atutxak hitza eman dio SAko Jone Goirizelaiari–, Estatuko Fiskaltza Nagusiak kereila kriminala jarri die Legebiltzarreko presidente Atutxari eta Legebiltzarreko Mahaiko EA eta EB-IUko ordezkariei, hau da, Gorka Knorr lehen lehendakariordeari eta Kontxi Bilbao bigarren idazkariari. Sei hilabete eta bi urte arteko inhabilitazio zigorra eta isuna ordaintzea eskatu du hiruen aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu