Frankismoko krimenen aurka Argentinan jarritako kereilako abokatuak pozik agertu dira Maria Servini epaileak azken egunotan Euskal Herrira egindako bisitarekin. Batik bat, asteartean Gernika-Lumon (Bizkaia) Julen eta Elisa Kaltzada neba-arrebei testigantza hartu izana oso positibotzat jo du Maximo Castex abokatuak, Bilbon egindako agerraldian: “Uste dut Euskal Herriarentzat eta kereilarentzat mugarri historiko eta juridiko baten lekuko izan garela. Lehen aldiz, frankismoaren biktima batzuek hemengo epaitegi batean deklaratu dute, non, eta Gernikan, herriak duen sinbolismoarekin”.
Madril eta Sevillara joatekoa da epailea datozen egunotan. Argentinara itzultzean pauso gehiago emango dituela uste dute abokatuek, kereilatzaileak Argentinara joan ostean gertatu zen bezala. Adibide gisa, Guadalajaran lurperatuta dagoen gizon baten gorpua hobitik ateratzeko aginduaz mintzatu da Ana Mesuti abokatua: “Biktimaren alabak 88 urte bete zituen hegazkinean bertan.
Justizia, batzuetan, abstraktua da, bakoitzak gauza bat eska dezake, eta emakume hark bere aita exhumatzea galdegin zuen. Haren deklarazioaren ostean, Servini epaileak exhorto bat bidali zuen, eta tramitatzen ari da”. Argentinatik bideratutako lehenbiziko exhumatzea litzateke: “Askoren lehena izatea espero dugu”.