Kezkatuta bai, baina etxearen jabe

Marta Uriarte Getxoko bizilaguna, hipotekari aurre egin ezinda, etxea galtzeko zorian egon da. Hala ere, haren abokatuak egindako lanari esker, erabakia hilabete atzeratzea lortu du.

Marta Uriarte, etxeak hustearen kontrako elastikoa soinean, atzo, Getxoko epaitegiko atarian. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Getxo
2011ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Goizeko freskuraren ondorioak nabarmenak ziren atzo Getxoko (Bizkaia) epaitegien aurrean elkartutakoen artean. Sarrera pareko jarlekuetan ere gau hotzaren aztarnak agerikoak ziren, ihintzez bustita baitzeuden. 09:35 inguruan iritsi zen Marta Uriarte epaitegiko atarira. Mahuka luzeko kamiseta zuri bat zeraman soinean, eta letra gorriz Stop desahucios irakur zitekeen. «Egunon, zelako behe lainoa dagoen, ezta?». Adeitsu agurtu zituen bertara joandako kazetariak. Kezka nabari zitekeen Uriarteren keinuetan, baina baita itxaropena ere. Izan ere, 10:00etan bere etxea enkantean jartzera zihoazen. Itxaropena, berriz, joan den ostiralean bere abokatu Miren Mentxakaren laguntzaz aurkeztutako idazkiak ematen zion. 10:00ak puntuan zirenean sartu ziren epaitegi barrura; hamar minuturen buruan kanpoan zeuden biak, irribarrea ahoan zutela.

«Enkantea garaiz gelditzea lortu dugu», adierazi zuen Mentxakak, erabat hunkituta. Izan ere, «forma hutsegite» bat izan zela salatu zuten joan den ostiraleko dokumentuan. Uriarteren etxeak 160 metro koadro zituela jartzen zuen agiri batean; hor zegoen okerra. «Hori gezur hutsa da. Nire bizilekua herritarren gehiengoaren antzekoa da [txikiagoa], eta horregatik aurkeztu genuen kexa. Gainera, nire aurreko abokatuak defendatzeari uko egin zion» ,azaldu zuen Uriartek. Hori dela eta, «babesgabetasuna» gertatu zela erantsi zuen Mentxakak. Epaileak atzera egin duenez, etxea «berreskuratzeko» hilabete inguru dauka Uriartek. Horretarako ezinbestekoa da BBKrekin akordio bat lortzea.

Arazoaren muinean 2008ko uholdeak daude. Euriteen eraginez Gobela ibaiak (Getxo) gainezka egin zuen, eta inguruko etxe guztietan sartu zen ura, baita Uriarteren etxebizitzan ere. Ondorioz, altzari eta arropa guztiak galdu zituen. Gainera, hipoteka handitu egin zen, udaletxeak eta aseguru etxeak emandako dirua ez zelako nahikoa izan kalteak konpontzeko. Horiek hala, BBKra jo zuen, eta 200.000 euroko hipoteka eskatu. Orduan etorri zen egoera erabat zaildu zuen gertaera: Uriarteren gizonaren enpresak porrot egin baitzuen. Horrek ondorio makurrak izan ditu. «Orain dela sei hilabete inguru zenbait faktura ordaintzeari utzi genion. Eta horrek ekarri nau egoera honetara».

Etxea ez galtzeko, bi aukera eman zizkion BBK-k: epe jakin batean 20.000 euro ordaintzea edo beste ondasun higiezin batzuk berme modura jartzea. «Martaren soldatarekin bakarrik ezinezkoa zen horrelako baldintzei aurre egitea», argitu zuen Mentxakak. Egun, Uriarteren senarrak Derioko (Bizkaia) enpresa batean lan egiten du, eta bien aurrezkiekin hileroko hipotekaren zatia ordaintzeko gai dira. «Baina BBK-k ez du hori nahi», esan zuen.

Zazpi kaleratze egunero

Pozik zegoen atzo Uriarte, oraindik ere etxearen jabe delako, baina ez ditu ahazten etxea galtzen duten euskal herritarrak: «Krisi garai honetan gero eta kaleratze gehiago egiten dituzte aurrezki kutxek. Euskal Autonomia Erkidegoan, batez beste, zazpi etxe husten dituzte egunero. Nik egoera hau gelditzea lortu dut, baina beste batek etxea galdu du», oroitu zuen. «Gainera, aurrezki kutxek jendearen sufrimendua baliatzen dute irabaziak lortzeko», erantsi zuen abokatuak. «Merezi izan du gaur hotza pasatzea» esanez kazetariak agurtu eta etxera joan zen Uriarte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.