Igande honetan egingo dute Kilometroak, Andoainen, eta festaren gune bat Martin Ugalde Kultur Parkean jarriko dute. Parkeko jarduna ezagutarazteko spota aurkeztu dute gaur. "Euskaraz bizi den eta euskaraz jarduten duen enpresa multzo handi bat dago hemen", azaldu du Ainara Lasa marketin arduradunak.
Parkearen hastapenetatik euskararen unibertsoari lekua egiteko lanean jardun dutela esan du Joanmari Larrarte BERRIA taldeko kontseilari ordezkariak. Kilometroak festarekin lotura izatea beharrezkoa zela, eta elkarri lagunduta, proiektuak indartsuagoak izan daitezen lanean jarraitu behar dela dio."Bihar gaur baino euskaldunago izan dadin herria". Horretarako, igandean Andoainera hurbiltzeko gonbida egin du, eguraldi ona behintzat ziurtatuta dagoela gaineratuz.
Arantxa Irigoras Andoaingo Aita Larramendi ikastolako lehendakariak adierazi du festarekin "euskaraz bizi nahi dut" leloa herrira zabaldu nahi izan dutela. "Andoainen badugu harribitxi bat, eta zuek zarete", parkeari erreferentzia eginez. Zinta mozketa parkeari eskainiko diotela gaineratu du, eta Finlandiako ordezkaritza bisitatuko dutela gunea. Arantza Manterola Kilometro kultur elkarteko lehendakariak parkeak eta ikastolak helburu berdinaren alde lan egiten dutela esan du.
Igandean Berria.info kalera aterako da, eta festaren berri emango dute edizio jarraituan.