Katea eginda, aurrera egiteko unea iritsi da. Eskubideak ez direlako aldarrikatzen, egikaritzen baizik. «Esanak ekintza bihur daitezen, ilusioak jarrera bihurtu behar ditugu eta jarrerak erabakimen». Mezu hori zabaldu dute Gure Esku Dago plataformako kideek, labur eta argi, giza katea amaituta eginiko lehen balorazioan. Aurrera begira jarri dira. Mobilizazioan parte hartu eta babestu duten norbanakoen buruan dagoen galdera nagusiari erantzun nahirik: Eta bihartik aurrera zer? «Konfiantza eta elkarlana gure auzo eta herri bakoitzeko txoko orora behar dugu hedatu», azaldu dute. «Hori da bihar hartuko dugun erabakia zilegi egingo duena, horrek bihurtuko baitu zilegi dena errealitate», azpimarratu dute. Mezu hori zabaldu dute Iruñetik Durangora. Eta haren oihartzuna entzun da Etxarri Aranatzen, Lazkaon, Bergaran eta Giza katearen bide osoan zehar. Milaka lagunen aurrean. Horiek guztiek zergatik parte hartu duten, zerk bultzatuta, argi dute Gure Esku Dago-koek. Hitz bitan laburbildu dute: ilusioa eta elkarlana. «2014ko ekainaren 8an eskutik elkarri heldu diogun herritarrak gara Durango eta Iruñea artean ilusio berri bat piztu denaren lekuko. Hona, ordea, banan bana eta ahoz aho egindako lanak ekarri gaitu. Herritarron arteko sare hau kimu bat da, gaurko aldarria biharko erabaki bihurtuko duen lorearen kimu», nabarmendu dute.
Mezu bera irakurri dute ibilbideko gune nagusietan, baina horrekin batera baita ere entzun dira herritarren hitzak, herri eta auzo ezberdinetako plataformetako kideenak. Iruñean, Ipar Euskal Herriko ordezkariek, esaterako, «mugaz gaindi» eskua luzatu, eta azpimarratu Iparraldean ere lanean ari direla erabakitzeko eskubidea gauza dadin; gogoratu dute hiru lurraldeentzako «forma propioa» galdegin dutela Parisen aurrean eta ideologia ezberdinetako jendea bildu dela aldarrikapenean. Etxarri Aranatzen independentziari buruzko galdeketa antolatu zuen plataformako kide batek hartu du hitza eta, harekin batera, Gure Esku Dago-ren Gasteizko plataformako beste batek. «Eskubidea» azpimarratu du aurrenak eta «aniztasuna» hurrenak. Lazkaon, Bilboko Indautxukoek nabarmendu dute auzo osoa bat bildu dutela askotariko ekitaldien bidez. Antzera mintzatu dira Bergaran hitza hartu duen barakaldarra. «Hitzez ezin dugu laburtu azken urtean batean eta bestean egin duguna, norberaren eta parekoaren irribarretan neurtu liteke, sortu diren konfiantza horietan, saretu garen herritarron borondateetan, bataren eta bestearen artean eraiki ditugun zubietan», azpimarratu dute Gure Esku Dago-koek.