Kiroga: «Ez dugu amore eman; badago denbora maiatzera arte»

UPNren eta PPren arteko zatiketa eta PSNren ahuldadea kontuan hartuta «aukera historikoa» baliatu behar dela iritzi diote«Dagoena zabaldu nahi dugu», esan du Kirogak, eta betorik ez jartzeko eskatu du

Xanti Kiroga, Txelui Moreno eta Marine Pueyo ezker abertzaleko kideak, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2011ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
«Aukera historikoa da, eta baliatu egin behar da». Atzo, Iruñean, Xanti Kiroga, Marine Pueyo eta Txelui Moreno ezker abertzaleko kideek esan zuten Nafarroako eremu ezkertiar eta abertzalearen batasuna dela aldaketa politikoa gauzatzeko «bermerik onena». Hain justu, NaBairen balizko hausturaren zeharkako protagonista bihurtu da ezker abertzalea azken egunetan. Izan ere, EAri Nafarroan ezker abertzalearekin dituen akordio estrategikoak baliorik gabe uzteko exijitu diote Aralarrek, EAJk eta independenteek, eta EAk ez du onartu. NaBaiko hiru eragileek argi utzi dute, era berean, ez dagoela «nahikoa baldintzarik» ezker abertzalea koalizioan sartzeko. Testuinguru horretan, ezker abertzaleak ez du etsi nahi: «Ez dugu amore ematen; borondatea badago, badago denbora maiatzera arte».

EAJk hasieratik argi utzi du ezker abertzalea sartuz gero atera egingo litzatekeela koaliziotik. Aralarrek, berriz, abenduan ezker abertzalearekin hainbat bilera egin ondotik, negoziatzeari uztea erabaki zuen Nafarroako zuzendaritzak urtarrilaren 4an, ezker abertzaleak NaBain sartzea ez zuela eskatu eta horretarako borondaterik ez zuela argudiatuta.

Marine Pueyok nabarmendu du aitzakiek ez dutela balio, eta Xanti Kirogak berriro ere NaBai osoarekin biltzeko eskaera egin du: «Bilera egiteko proposamena egiten jarraitzen dugu eta sartzeko aukera egon daiteke bertan; baina, horretarako, borondatea egon behar du eta bilera hori egin gabe jarraitzen dugu».

Gizartea, «batasun» eske

Kirogak arrazoitu du «abagune historikoa» dagoela oraintxe Nafarroan, eskuina zatituta dagoelako PPren eta UPNren artean. Bestalde, PSNk legealdi honetan UPNrekiko menpekotasunagatik politikoki higatua dagoelako eta normalizazio prozesuaren aldeko gizartearen atxikipena handitzen ari delako.

Ezker abertzalearen ikuspuntutik, gizarteak «elkarlana eta batasuna» eskatzen ditu. «Zergatik ez dugu hauteskundeei begira gizarteak eskatzen duen hori egiten?», galdetu du Kirogak. Haren ustez, NaBai hauteskundeetarako subjektu izatea ez da arazo, baina gaineratu du ez dela baztertzailea izan behar eta ezkerrekoa eta abertzalea den orori irekia egon behar dela. «Bateratzailea izan behar da; ezin da inolako betorik jarri, ez kanpotik, ez barrutik. Etorkizunari begira egon behar da, ez iraganera begira. Ez gaude 2003an edo 2007an».

Aurreko asteetan esandakoaren ildotik, Kirogak azpimarratu du ez dutela sekula ezer apurtu nahi izan. «Dagoena zabaldu eta handitu nahi izan dugu, eta hala nahi dugu orain ere». Haren ustez, eremu abertzalea eta ezkertiarra bateratzea «eskuinaren amesgaiztoa da». Prentsaurrekoan baieztatu dute azken egunetan ez direla bildu NaBaiko inorekin: «Erantzunaren zain daude». Ororen gainetik akordioen edukiek dutela garrantzia esan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.