www.goierrikohitza.info
Majori kiroldegiaren kudeaketan irregulartasun ekonomikoak egon direla dio Ordiziako (Gipuzkoa) Udalak. Josetxo Elkoro kiroldegiko zuzendari-kudeatzaileak 50.000 euro gainditzen ez duen diru-kopuru lapurtu duela eta aste honetan bertan diru hori itzuli egingo dela nabarmendu du Jose Miguel Santamaria alkateak.
Alkateak irregulartasun horien berri maiatzaren 19an izan zuela adierazi du. "Momentu horretatik bertatik prozedura administratibo eta judizial egokiak martxan jartzeaz gain, gertatutakoaren berri eman genien zinegotzi eta alderdi politiko guztiei, kiroldegiko eta Udaleko langileei, eta kirol taldeetako ordezkariei". Egoera hori bideratu ondoren herritarrak informatzeko unea iritsi dela uste du Ordiziako Udalak.
Maiatzaren 21etik kiroldegiko zuzendari-kudeatzailea izandakoa bere eginkizunetatik kanpo dagoela adierazi du Santamaria alkateak, "2006tik kiroldegiko eguneroko diru-bilketatik bidegabeki dirua kentzen aritu dela ziurtatu ondoren". Gertaera horiek argitzeko salaketa jarri zuten orduan Ministeritza Fiskalean. "Ostutako diru kopurua 50.000 eurorainokoa da eta aste honetan bertan itzuliko du". 1990etik izan da Elkoro Majoriko zuzendari-kudeatzailea, eta apirilaren 22an Kirolaren Euskadi Saria jaso zuen kirolaren sustapen, formazio eta dedikazioaren alde egindako lanarengatik.
Santamariaren arabera, Majori kiroldegiak "bere zerbitzua normaltasunez eskain dezan neurriak hartzen hasi" zen Udala maiatzaren 22an.
Kiroldegiaren kudeaketan "irregulartasun ekonomikoak" egon direla dio Ordiziako Udalak
Alkateari maiatzaren 19an eman zioten "irregulartasunen" berri, eta 21ean kargutik kendu zuten zuzendari-kudeatzailea. Honek "ostutako diru kopurua 50.000 eurorainokoa da eta aste honetan bertan itzuliko du", esan du alkateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu