«Kirtenkeriak» uzteko eskatu die Basagoitik EAJri eta PSE-EEri

EAEko PPko buruak esan du Lopezen gobernua babesten jarraituko duela hauteskundeak Raxoik irabazita ere

Erredakzioa
2011ko urriaren 11
00:00
Entzun
PPren inguruan asteburu honetan EAJko eta PSE-EEko kideek esandakoak «tituluak lortzeko» baino ez dutela balio esan du Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak, eta «tontakeriak» alde batera uzteko eskatu die. «Etsigarria da dugun krisialdi ekonomikoaren testuinguruan gisa horretako kirtenkeriak entzutea», esan du Basagoitik.

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta PSE-EEko idazkari nagusiak hasi zuen ika-mika, larunbatean. Espainiako Gorteetarako bozetan EAJren aldeko botoa ematea Madrilen PPri botoa ematea bezala dela adierazi zuen, eta, adierazpen horiei erantzunez, Josu Erkoreka diputatu jeltzaleak buruzagi sozialistari gogoratu zion PSE-EE dela «Espainia osoan» PPrekin gobernu hitzarmen bat duen alderdi bakarra. Erkorekaren arabera, «eskizofrenia kasu larri baten erakusle» dira Lopezen hitzak.

Basagoitik, berriz, adierazi du EAJk hainbatean babestu duela Espainiako Gobernua. Halaber, jeltzaleei adierazi die bozak Raxoik irabazita ere PPk Eusko Jaurlaritza babesten jarraituko duela «Lopezek oinarrizko akordioa betetzen badu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.