Ingurumena

Klima Aldaketaren Legea onartu du Espainiako Kongresuak

Legearen helburu nagusia da gas isuriak murriztea eta 2050. urterako «karbonoan neutroa» izatea. 2040. urtetik aurrera debekatuta egongo da CO2a isurtzen duten autoak saltzea. 

Klima aldaketaren aurkako manifestazio bat, 2019an, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko maiatzaren 13a
12:28
Entzun

Joan den apirilaren 29an Espainiako Senatuak onartu ondotik, Espainiako Kongresuak gaur arratsaldean onartu du Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren legea. Ezezko botoa eman du VOXek, eta PP abstenitu egin da. Legearen helburu nagusia da gas isuriak murriztea eta 2050. urterako «karbonoan neutroa» izatea. Hala, urrats bat egin da trantsiziorako bidean. 

Legeak 2050ean bete beharreko hainbat helburu ezartzen ditu: bertzeak bertze, ibilgailu arinak «garbiak» izatea 2050erako; hau da, zuzenean karbono dioxidorik isurtzen ez dutenak izatea. Horretarako, 2040. urtetik aurrera debekatuta egongo da CO2a isurtzen duten autoak saltzea —garraioa da berotegi efektua eragiten duten gasen iturburu nagusia—. Auto elektrikoen erabilera sustatzeko, ibilgailuok kargatzeko puntuak ere arautuko ditu legeak.

Energia kontsumoan ere eraldaketa eragingo du legeak: 2030erako, energia kontsumoaren %42 iturri berriztagarrien bidez sortu beharko da, eta, argindar sarean, %74. 2050ean, berriz, sistema elektrikoa energia berriztagarrietan oinarrituko da osorik. 

Joan-etorrietan ere eragin nabaria izango du gaur onartuko den legeak, batez ere  50.000 biztanletik gorako herri eta hirietan: 2023rako, 50.000 biztanletik gorako hiri eta herriek CO2 emisio txikiko guneak sortu beharko dituzte; zirkulazioa murriztu beharko dute, bidegorriak bultzatu, eta metroa eta autobusa sustatu. Hegoaldeko lau hiriburuetan izango du eragina neurriak, eta baita Barakaldon (Bizkaia) eta Irunen (Gipuzkoa) ere. 2023rako, Udalek azpiegitura berdeak eta korridore ekologikoak garatzeko planak diseinatu beharko dituzte, hiri inguruneak leku osasungarriagoak izan daitezen eta klima-egoera berrira egokitu daitezen.

Gas isurien murrizketarekin batera, pobrezia energetikoaren kontrako neurriak ere sustatuko ditu lege berriak. Gainera, mahai gainean paratzen du eraikinak zaharberritzeko aukera, etxeetan diru gehiago aurrezteko eta higiezinen parkea eraginkorragoa izan dadin.

Enpresa handiak ere bai

Enpresa handiek —baita parte hartze publikoa dutenek ere— ekintza klimatikoko planak izan beharko dituzte, eta deskarbonizazio helburuak ezarri. Hala, enpresek beren datuak eta epeak prestatu eta argitaratu beharko dituzte berotegi efektuaren gasen emisioak murrizteko. Hala ere, arauak ez du zehapen organorik aurreikusten, eta, beraz, helburuak betetzea ez dago erabat bermatuta.

Legeak jasotzen dituen arauetako bat da ez dela baimen gehiago emango hidrokarburoak aztertzeko eta ustiatzeko. Horrek eragin zuzena izango du Euskal Herrian, eta bertan behera geratuko lirateke SHESA hidrokarburoen sozietate publikoak gasa ustiatzeko dituen proiektuak, Subilla Gasteizko Armentia II. putzuarekin gertatu den bezala.

Klima aldaketaren legea urrats gisa ikusi arren, anbizio falta egotzi diote hainbat eragilek Espainiako Gobernuari. Ekologistak Martxan-ek, erraterako, nabarmendu du abiapuntua egokia bada ere ez dela «anbiziotsua»: «Parisko Hitzarmena ere ez du betetzen. Askoz anbiziotsuagoa izan beharko luke». Espainiako Parlamentua osatzen duten hainbat alderdik ere kritika bera egin diote legeari; izan ere, alderdi askoren ustez, berandu etorri da lege berria. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.