Klima aldaketari aurre egingo dio Bizi mugimenduak urriaren 10ean

Alternatiba izeneko herrixka osatuko du Baiona Ttipian, jendeak C02 isuriak saihesteko bideak aztertzeko xedez

Aitor Renteria.
Baiona
2010eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Urriaren 10ean klima aldaketaren aurkako mobilizazio egunera deitu dute nazioartean. Euskal Herrian ere, Bizi mugimenduak, bat egin nahi izan du ekimen horrekin. Mundu zabaleko 161 herritan 4.000 ekimenetik gora izanen dira. Karia horretara, Baiona Ttipian Alternatiba izeneko herrixka antolatuko du Bizik. Munduaren etorkizuna zalantzan ezartzen duen klima aldaketari aurre egiteko bideak eskaintzea da Biziren xedea. Hain zuzen ere, 2010etik hasita munduko CO2 isurketa %10 apaltzea aldarrikatzen dute. Gobernuen erabakien beha egon gabe, herritar bakoitzak egin dezakeen ekimenetan oinarritu nahi du Bizik.

Karbono isurketarik gabeko herria posible dela erakutsi nahi du. Goizeko hamarretan hasi eta gaueko hamarretan bukatuko da ekimena. Batetik, eguna ekoizpen arduratsuaren erakusleiho izatea nahi dute. Ekoizpen biologikoen merkatua izanen da. Nahi duten artisauek ere parte har dezakete merkatuan, ekoizpen arduratsua izanik ardatza. Sarreran, bisitari bakoitzak isurtzen duen CO2 kopurua neurtzeko galdeketa jasoko du, eta ateratzean, kopuru hori apaltzeko proposamen orria hartuko du. Har ditzakeen engaiamenduak hautatzea proposatuko zaio. «Ez diogu inori proposatu nahi bere aldetik iraultza egin dezan, bere eskura dauden erabaki txikiak hartu eta munduaren interesen arabera jardutea baino», adierazi du Jean Noel Etxeberri Txetx Biziko militanteak.

Autorik gabe

Automobilik ez da ibiliko bestaren eremuan. Eguneroko abiadura utzi, eta herritarrei elkartzeko eta solaserako parada eman nahi diete Biziko kideek. Eremuan zehar, kadirak eta mahaiak ezarriko dituzte, jendeak bazkaldu edo solas egin ahal izateko.

Gutxi baliatzen diren tresnak trukatzeko gune bat antolatu nahi du Bizik. «Denek ditugu etxean urtean behin erabiltzen ditugun tresnak; horiek zerrendatu eta elkarrekin baliatzea nahi dugu, inposatu nahi diguten merkatu ikuspegitik ihes egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.