“Desberdinen arteko indar bilketa egiten ari gara. Desberdinen indarrak bilduz, gauza desberdinak egiteko. Badakigu Araban PPk, PSE-EEk eta EAJk eredu sozial eta ekonomiko berbera dutela. Haien ereduaren aldean gurea da alternatiba bakarra”. Hala esan du Hasier Arraiz Arabako EH Bilduren bigarren zerrendakideak gaur, Gasteizen, herrialdeko hautagaitzaren aurkezpen ekitaldian.
Belen Arrondo zerrendaburua ezin izan da agerraldian egon, gaixorik dagoelako.
Oso emaitza onak lortzeko aukera izan dezake ezker abertzalearen, EAren, Aralarren eta Alternatibaren koalizioak, azken hauteskundeei erreparatuz gero behintzat:
- Iazko Espainiako Kongresurako hauteskundeetan Amaiurrek (EH Bilduko eragile berek osatua) Araban bototan EAJren aurretik geratzea lortu zuen: Amaiurrek, 32.267 boto, eta EAJk, 31.849. PPk 45.891 erdietsi zituen, eta PSE-EEk, 39.579.
- Joan den urteko udal eta foru bozetan Bilduk eta Aralarrek bien artean 35.011 boto eskuratu zituzten. PPk, 38.994; EAJk, 34.566; eta PSE-EEk, 24.958.
EH Bilduk hitzeman du "bakea eta normalizazio demokratikoa" landuko dituela eta 'bere' Araba "euskararena, gazteena, feminismoarena, ekologiarena eta justizia sozialarena” izango litzatekeela.