Sebastian Uria. Donostiako Elizbarrutiko bikario judiziala

«Kodeak Elizaren antolakuntza erakusten du, bere oinarrian»

Eliza Katolikoaren arautegi nagusia, 'Zuzenbide Kanonikoaren Kodea', latinetik euskaratu berri du Sebastian Uriak.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2010eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Joan Pablo II.ak 1983an aldarrikatu zuen, Vatikanoko II. Kontzilioan hartutako norabideari jarraituz, Zuzenbide Kanonikoaren Kodea. Eliza katolikoaren oinarrizko arautegia da Codex Iuris Canonici, eta euskarara ekarri du lehenengoz Sebastian UriaDonostiako Elizbarrutiko bikario judizialak (Zarautz, 1941). Aurretik ere bazuen Eliza katolikoak bere kodea, 1917koa, eta hark bazuen euskarazko itzulpena, Hipolito Larrakoetxea karmeldar markinarrak eginikoa. «1924an euskaratu zuen, bizkaieraz, baina asmo tekniko handirik gabe. 1978an kaleratu zuten, kode berria zetorrela jakin bagenekienean».

Liburu mardula da Zuzenbide Kanonikoaren Kodea, 800 orritik gorakoa, eta 1752 kanon biltzen ditu zazpi atal nagusitan banatuta.

Zergatik hasi zinen lan honetan?

1996an auzitegiko lanak egiten hasi nintzen, eta ikusi nuen zenbait testu liturgiko euskaraz egon arren, falta zirela beste batzuk. II. Kontzilioaren agiria eta kodea, adibidez. Berehala ohartu nintzen luze joko zuela lanak. Garai hartan, Ibon Sarasolaren hiztegiaz gain ez nuen askorik, artean ez zegoelako unibertsitatean ere testu juridikorik. Gero, Deustuan eta EHUn egin dituzte lan batzuk, baina bakoitzak bere irizpideekin. Horien artean lan egin behar izan dut, aukerak ere proposatuz.

Latinetik ekarri duzu euskarara.

Bai, eta jatorrizko bertsioa ere azaltzen da liburuan. Esku artean izan nuen gaztelaniazko bat, eta ohartu nintzen ez zela fidatzekoa. Gero dozena erdi hizkuntzatara itzulitako kodeak erabili nituen, batik bat latina korapilatsua zen pasarteetarako. Azken batean, testu juridikoa da, teknikoa, eta horrek ñabardura guztiak ondo zaintzera eraman nau. Alde horretatik, hitzen sinonimoak erabili izan ditut, baita euskalkietatik eratorritako hitzak ere.

Zer arautzen du, zehazki, Zuzenbide Kanonikoaren Kodeak?

Elizaren antolakuntza ia osoa erakusten du kodeak, bere oinarrian: arauak, baldintzak... Kristauen obligazioak eta eskubideak zehazten ditu, eta sakramentuei buruzko azalpenak eman. Gotzain bakoitzak arauak eman ditzake, baina kodean oinarrituta.

Badu atal penala ere. Nola gauzatzen du atal hori Elizak?

Atal horrek adierazten du zer jotzen den delitutzat Elizaren barruan. Nola tipifikatzen den delitua eta zer-nolako zigorra ezarri behar zaion zehazten du.

Zein prozedura segitzen da eliztar bat edo kristau bat zigortzeko?

Gotzainak zerbaiten berri duenean, dekretu bidez ezar dezake isuna edo prozesu penala irekita. Adibidez, hemen, Gipuzkoako Elizbarrutian, ez da izan prozesu penalik azken hamalau urteotan.

Ezkontza desegiteko baldintzak ere aipatzen ditu kodeak. Zein dira?

Ezkontza balekotzat emateko, norbanakoak jakin behar du zer den ezkontza eta bere burua zertara behartzen duen. Bestetik, norberak nahi izan behar du ezkondu, ezkontza bizitza osorako delaeta bikotekidearekiko leialtasuna gorde behar dela jakinda. Eta, azkenik, pertsonak gai izan behar du ezkontza bizitza egiteko. Horiek betetzen ez badira, aukera dago ezkontza desegiteko, edo ezkontza gezurraren gainean eraiki bada. Baina hori frogatu egin behar da.

Azkenaldian Elizaren barruan izan diren pederastia kasuek iskanbila handia piztu dute. Zer dio kodeak horien gainean?

Arautua dago. Obligazio berezien kontrako delituak izeneko atalaren barruan, hain zuzen. Apaizok zelibatoaren konpromisoa daukagu, eta erlijiosoek kontinentzia botoa. Eta horri gehitu behar zaio adingabeei eginiko mina. Delituak zehaztuta daude, baita zigorrak ere. Izan daiteke kongregaziotik botatzea edo apaiz zereginak kentzea. Pertsona bakoitzak Elizaren barruan duen lekuari eragiten dio. Delituak izan dezake ondorioa eremu zibilean ere, eta hor zigortua izan.

Apostasia ere delitutzat du kodeak.

Kristauak Elizaren doktrina ukatzea da apostasia. Batzuetan norberak jartzen du bere burua Elizatik kanpo, baina zenbaitetan, Elizak ere egin lezake hori zigor gisa.

Zu zeu arduratzen zara gai hortaz. Askotan aipatzen da oztopo ugari izaten direla Elizatik irteteko.

Horrelako prozesu batean bermatu behar da bakoitzak badakiela zer egiten duen. Egia da apostasiarena fenomeno berri samarra dela eta garai batean ez zegoela prozedurarik. Parrokoek ez zuten jakiten zer egin. Baina gerora zehaztu egin da. Bakoitzaren kontzientzia errespetatzea da garrantzitsuena. Hitzordua jarri eta konpondu egiten dugu egoera.

Zeinentzat euskaratu duzu kodea?

Nik uste dut Elizan eta Unibertsitatean erabiltzeko dela baina izan daitekeela kontsulta liburu bat ere. Elizaren liburua dela, juridikoa eta euskarazkoa. Horrek mugatu egiten du hedapena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.