Kofi Annan NBEk eta Liga Arabiarrak Siriara bidaliko duten ordezkariak esan du "Siriako krisiari aurre egiteko ahots bakar eta indartsu baten beharra" dagoela, eta Baxar al-Assad Siriako presidenteari eskatu dio bitartekaritza prozesuarekin konprometitu dadin.
Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiarekin bildu da Annan, eta Kairotik igaro ondoren Siriara "aurki" helduko dela jakinarazi dio.
"Egoera gero eta ernegarriagoa da. Nazioartearentzat premiazkoa da hilketei amaiera ematea eta Gobernuak zibilen aurkako indarra erabiltzeari uztea", esan du Ban Ki-moonek.
7.000 soldadu Homs hirian
Siriako Armada Libreak zabaldu du Siriako Armadako 7.000 soldadu Homs hiriko Baba Amro auzo inguruan bildu direla, eta auzora sartzen saiatzen ari direla.
Segurtasun indarren arabera, Siriak Baba Amro auzoaren gaineko "kontrola" berreskuratu du, eta "talde armatuen ingurua garbitu" du.
Siriako Armada Libreak, bestetik, "erretiratze taktiko bat" martxan jarri du "arrazoi humanitarioengatik", taldeko buruak azaldu duenez.