Kokainan albaitaritzako botikak agertzen ari direla eta, abisu eman dute

Ai Laketek erreparatu dio saldutako drogaren faltsutzeari; drogak aztertzeaz arduratzen da elkarte hori

Erredakzioa
Donostia
2011ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Tetramizol izeneko substantzia agertu da, azkenaldi honetan, jendeak Ai Laket elkarteari aztertzeko emandako hainbat kokaina laginetan. Ordizian (Gipuzkoa), Bilboko BBK Live jaialdian, Gasteizen, Aramaion (Araba)... Hainbat lekutan aurkitu dituzte faltsututako kokaina laginak, eta abisu eman dute. Izan ere, albaitaritzan erabili ohi den substantzia da tetramizola, eta ondorio kaltegarriak izan ditzake pertsonengan. Era horretako arazoak, hala ere, ez dira ezohikoak kokaina kontsumitzaileentzat; Ai Laket elkarteko kideen arabera, aztertzen dituzten hamar laginetatik sei faltsututa egoten dira. Droga faltsutzeko erabilitako substantziak harritu ditu oraingo honetan. Orain arte parazetamolari, kafeinari eta beste hainbat substantziari erreparatu izan ohi diote, baina ezustean harrapatu ditu tetramizolak.

Ai Laket elkarteak Euskal Herriko hainbat herritan jarduten du jendeak emandako droga langinak aztertzen, substantzien kalitatea ziurtatze aldera. Eusko Jaurlaritzaren eta hainbat udalen laguntza jasotzen du egiteko horretarako. Speedaren kasuan, arazoak oraindik ere ohikoagoak izaten direla ohartarazi dute; aztertzen dituzten hamar laginetatik bederatzi faltsututa egoten dira. Kafeina agertzen da kasurik gehienetan nahastuta.

Droga toxikoa

Aparteko abisua plazaratu du Espainiako Energy Control elkarteak ere. Aditzera eman duenez, intoxikazio larriak eragiten dituen droga bat eros daiteke Internet bidez: Doves Red. Droga sintetiko hori egiteko erabiltzen den formula aski arriskutsua den substantzia batekin lotuta dagoela ohartarazi du. Adierazi dutenez, PMMA substantziak eragiten duarriskua. Oso toxikoa dela azaldu dute, eta heriotza eragin dezakeela. Danimarkan, esaterako, iaz, substantzia horrekin nahastutako speeda hartu ondoren, bederatzi lagun hil zirela ohartarazi dute. Herbehereetan, halaber, produktu horrekin nahastutako drogak atzeman dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.