Ingurumena

Koke planta egiteko baimenak eman ditu Muskizko Udalak

Egitasmoaren aurkako plataformak iragarria du Udalaren kontrako salaketa jarriko duela, prebarikazioa egin duelakoan. Petronor enpresaren proiektua da planta.

2009ko otsailaren 10a
17:44
Entzun
Muskizko (Bizkaia) Udalak koke planta herrian bertan egiteko beharrezkoak diren bost baimenak eman ditu gaur, udal gobernuak hala erabakita. Petronor enpresaren egitasmoa da aipatutako planta, eta datozen bi urteetan 800 milioi euroko inbertsioa egiteko asmoa du.

Koke plantaren aurkako plataformak iragarria du Udalaren aurkako salaketa jarriko duela. Haren ustez, gaur-gaurkoz ezinezkoa zen baimena ematea, Eusko Jaurlaritzak ez duelako behin betiko baimena eman eta Kostaldeetako Zuzendaritza Nagusiak ez duelako txostena egin. Hortaz, Udala prebarikazioagatik salatuko du. Izate taldeak bat egin du salaketa aurkezteko asmoarekin. Udalak ez zuen egitasmoaren Ingurumen Baimen Bateratuaren aurkako helegiterik jarri, ezta ingurumen eraginaren gaineko azterketaren kontrakorik ere.

Koke plantaren kontrako 50 bat lagunek protesta kontzentrazioa egin dute gaur goizean udaletxearen aurrean. Gainera, etzi, ostegunarekin, udaletxean egingo den osoko bilkurara agertzeko deia egin die herritarrei koke plantaren aurkako taldeak. Era berean, zapatuan protesta kontzentrazioa egingo dute kiroldegitik gertu, Petronorrek duen biltegi baten aldamenean. 12:00etarako deitu dute protesta.

Gonzalo Riancho da Muskizko alkatea, EAkoa, eta, plataformaren arabera, EAJ eta PSE-EE Udala "presionatzen" aritu dira, honek baimenak eman zitzan. Udal gobernua, alkateaz gain, EAko beste bi zinegotzik eta PSE-EEko beste bik osatzen dute.

Iazko azaroaren 21ean Eusko Jaurlaritzak jakitera eman zuen Ingurumen arloko Baimen Integratua eman ziola Petronorren koke planta proiektuari.

Gaur egun Josu Jon Imaz da Petronorko presidentea (EAJko presidentetza utzi zuenetik postu hori hartu zuen), eta Muskizko proiekturako "hari ilunak" mugitu dituztela salatu dute hainbat herritarrek eta proiektuaren kontrakoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.