Koke plantak ez du behin betiko baimena jaso

Petronorrek hainbat baldintza bete ez dituela eta, lanak gelditzeko eskatu du plantaren aurkako koordinakundeak

Erredakzioa
Bilbo
2009ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Muskizko Udalak (Bizkaia) Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari galdetu dio ea Petronorren eraikuntzek IBB Ingurumen Baimen Bateratuaren baldintzak betetzen dituen. Urriaren 6an iritsi zen Jaurlaritzaren erantzuna: «Oraindik ezin da zehaztu (...) emandako IBBaren eraginkortasuna (...). Amaitu gabeko txosten baten aurrean gaude». Koke Plantaren aurkako Koordinakundeak atzo eman zuen Jaurlaritzaren erantzunaren berri. Horrek esan nahi du oraindik IBBa ez duela jaso Petronorrek, eta enpresa horrek beste hainbat baldintza ere ez dituela bete kontuan hartuta, koke plantaren eraikuntza bertan behera uzteko eskatu du koordinakundeak.

Petronorri ingurumena babesteko hainbat neurri betetzeko eskatu zion iazko maiatzaren 6anJaurlaritzak, eta sei hilabeteko epea utzi zion. Epea bukatu eta geroago, azaroaren 21ean, eman zion baimena Jaurlaritzak Petronorri. Txosten hura bukatu gabea egotea larritzat jo badute ere, koke plantaren aurkakoek kezkagarriagotzat daukate findegiaren jardueraren «ikuskatzerik» ez egitea. Ia urtebete igaro da baimena jaso zuenetik, baina denbora horretan Petronorrek ez dituela «beharrezko egokitzapenak» egin salatu du koordinakundeak. Bestalde, itsas jabetza publikoa den eremuan egiten ari dira koke planta eraikitzeko lanak, Udalak emandako baimenarekin. Horretarako beharrezko diren baimenik ere ez du Petronorrek, koordinakundeak dioenez. Petronorrek bete gabeko baldintzekin «mendia» egin duela uste du taldeak.

«Petronorrek bere legea ezartzen jarraitzen du, gertakarien bidetik», salatu du koordinakundeak. Epaitegietan hainbat auzi zabaldu dituela oroitarazi du, eta koke planta eraikitzeko eman diren «irregulartasunak» kontuan hartuta, auzi horietako batzuek aurrera egin dezaketela uste du koordinakundeak. «Baina badakigu justizia motela dela». Herritarren osasunaren eta segurtasunaren alde egiteko eskatu diete administrazioei, eta koke plantaren lanak gelditzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.