Goizean hasi zela alkohola edaten, eta hortik aurrera ez duela ezer gogoratzen; horixe adierazi du Koldo Losada zenaren senarrak haren kontrako epaiketaren lehen egunean. Hogei urteko espetxe zigorra eskatu dute fiskalak eta akusazioak; defentsak, berriz, absoluzioa galdegin du, alkoholaren eta "gaixotasun baten" eraginpean jardun zelakoan.
Zenbait lekukok, ordea, gezurtatu egin dute ustezko hiltzailea gaixo zegoenik: haren eritasun horren berririk ez zutela adierazi dute. Aldiz, akusatua "kontrolatzailea" eta "oldarkorra" dela esan dute. "Ez zuen Koldo ondo tratatzen", zehaztu du biktimaren senide batek.
Hilaren 24ra arte iraungo du epaiketak. 2014ko azaroaren 19an aurkitu zuten Losadaren gorpua, Bilboko etxean. Ordu gutxiren buruan atxilotu zuten orduan bere bikotekidea zena. Etxe ondoko zaborrontzi batean bikotekidearen hainbat objektu aurkitu zituzten, eta baita euren txakurraren hilotza ere, poltsa batean sartuta.