2010eko txupinazoko istiluak

Koldo Sanchez auzitegian aurkeztu da, botila bat botatzeagatik jarritako zigorra betetzeko

Hiru urte eta erdiko kartzela zigorra bete beharko du 2010eko sanferminetako txupinazoan izandako istiluen harira. Gazte batzuek Udaletxe plazara ikurrin erraldoi bat sartu zutenean gertatu ziren liskarrak. Dozenaka lagun elkartu dira auzitegiaren atarian, Ikurrinagatik espetxera? Ez dago eskubiderik. Sinboloaren legeari ez lelopean.

Koldo Sanchezi babesa erakusteko dozenaka lagun elkartu dira auzitegiaren atarian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
2015eko ekainaren 9a
19:31
Entzun

Koldo Sanchezek bere burua aurkeztu du Nafarroako Auzitegian. Duela bost urteko txupinazoan izandako istiluen harira, hiru urte eta erdiko zigorra bete beharko du Zizur Nagusikoak (Nafarroa). Hainbat lagunek elkarretaratze bat egin dute auzitegiaren atarian, zigortuari babesa emateko. Salatu dute ikurrina ateratzeagatik sartuko dutela espetxera Sanchez. Hori dela eta, Ikurren Legea bertan behera uzteko eskatu dute, eta herritarrei dei egin diete datozen sanferminetan ikurrina eta Nafarroako bandera erabiltzera, txupinazoan batez ere.

Duela bost urteko San Fermin bezperan gazte batzuek Udaletxe plazara ikurrin erraldoi bat sartu zutenean gertatu ziren liskarrak. Iruñeko udaltzainak indarkeria handiz sartu ziren plazara, eta ikurrina zeramatenei oldartu zitzaizkien, borrekin. Jose Carlos Arranz gazte espainiarrari xanpain botila bat burura erori zitzaion. Arranz 47 egunez egon zen ospitalean, larri, eta 426 egun eman zituen osatzen —31 urte zituen orduan—.

Nafarroako Auzitegi Nagusiak hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ipini zion Sanchezi. Auzitegiak dio lesio horiek eragiteaz gain atentatu delitua eta ordena publikoaren aurkako falta bat ere egin zuela.

Beste sei gazteri ere ezarri zieten espetxe zigorra, istiluetan parte hartu zutela leporatuta: Sergio Cañamero eta Asier Huarteri, urtebete eta launa hilabetekoa; Bordat Arrizibita, Aitor Idiazabal, Jesus Barkos eta Unai Ruiz de Escuderori, urtebete eta bina hilabetekoa.

Aitor Solari, Nahia Ojetari, Ibai Morenori, Joseba Alfonso Erizeri eta Imanol Salinasi ere ipini zien zigorra Nafarroako auzitegiak: sei egunez une oro lokalizatuta egon beharra daukate, eta hamabosna eguneko isuna jaso dute —eguneko, hogei eurokoa—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.