Seaskari sostengu irmoa adierazi dio Koldo Tellituk, Euskal Herriko ikastola guztien izenean. Ikastolen Elkarteak eguerdian Bilbon emandako prentsaurrekoan "argi eta ozen" mintzatu da Tellitu lehendakaria: "Gure barruan den Seaskaren aurka ari dena gu guztion aurka ari da. Hau da, 50.000 ikasleen familiek, 4.000 irakasleek eta ehundik gora ikastolek osatzen duten gorputz sozialaren aurka ari da".
Eragin sozial hori "mugaz gaindikoa" den neurrian, dei egin du larunbatean Hendaian egingo den manifestazioan parte hartzera. Era berean, konpromisoa adierazi die Iparraldeko ikastolei: "Ez dugu Seaska bakarrik utziko afera erraldoi honetan; are gehiago, gure ahal guztiak jarriko ditugu Seaskari eta bertako ikastolei laguntzeko".