Etxe kaleratzeak

Kolpea jaso eta berriro altxatu

Etxea galtzen dutenak egoera berrira moldatu eta aurrera egiten saiatzen dira, baina, askotan, etxebizitza sozialen eskasiak, alogeraren prezio altuek eta bankuarekin hartutako zorrek asko zailtzen dute ahalegin hori.

Kaleratutako familia batek gauzak ateratzen ditu etxetik. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS
gotzon hermosilla
2013ko irailaren 22a
13:33
Entzun

Hipotekek Kaltetutako Espainiako Plataformak egindako kalkuluen arabera, 9.690 familia bota zituzten haien etxeetatik Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan 2008an krisi ekonomikoak eztanda egin zuenetik iazko irailera arte. Pentsatzekoa da azterketa argitaratu zenetik igaro den urtebetean datu horiek emendatuko zirela eta, honezkero, 10.000 kaleratzeen langa gainditurik egongo dela.

Datuok Kataluniakoak eta Espainiakoak baino apalagoak dira. Desjabetzeak Euskal Herrira iritsi zirenerako, kaleratzeen kopuruak oso altuak ziren inguruko herrialdeetan. Baina, apalagoak izanagatik, datu dramatikoak dira, kaleratze bakoitzaren atzean etxea galdu duen familia bat dagoelako.

Kaleratze batzuk oharkabean igarotzen dira, bankuaren eta jabeen arteko afera pribatuak balira bezala. Beste kasu batzuek hedabideen arreta erakarri dute, horien inguruan protestaldiak antolatu dira, kaltetuek euren egoera gizartearen aurrean azaltzeko aukera izan dute. Baina, kasu guztietan, desjabetzearen une kritikoa pasatuta, etxea galdu dutenek erronka latzari egin behar diote aurre: jasandako kolpearen ostean nola altxatu, bizimodua nola berregin, non bilatu bizileku berria.

Etxea zorraren truke

Hori izan zen, esaterako, Marta Bolañosen kasua. Ekuadorren jaiotakoa da, eta aspalditik bizi da Bilbon, senarrarekin eta alabarekin, bizimodua atera nahian. Etxebizitza bat zeukaten Bilbon, Santutxu auzoan, baina senarra lanik gabe gelditu zen; egoera ekonomikoak okerrera egin zuen, eta arazoak hasi ziren Caja Madrid bankuarekin. "Lau hilabetez ordaintzeari utzi genion, eta gutuna bidali ziguten, diru hori eskatzeko, baina ez geneukan zerekin ordaindu, eta nire senarra bankuaren sukurtsaleko zuzendariarekin hitz egitera joan zen". 2008an izan zen hori.

Azkenean, akordio bat lortu zuten: zorra etxea emanez kitatu. Ez zen irtenbiderik egokiena, familiak etxea galdu behar zuelako, baina, besterik ezean, zorra kitatu eta berriro hutsetik hasteko aukera izango zuten. Hori uste zuten, behintzat; ustea, ordea, ustel suertatu zitzaien. "Etxebizitza erosi genuenean, horren egoera ez zen hain ona, eta mailegu bat eskatu behar izan genuen ateak erosi, sukaldea atondu eta horrelako konponketak egiteko. Etxea eman bagenuen ere, zor hori ez ziguten kitatu. 3.000 euro ingurukoa zen, baina, interesak direla eta, handituz joan da. Aldiro-aldiro deitu egiten digute, eta nik esaten diet ez dudala hori ordaintzeko dirurik, alogera ordaintzeko ozta-ozta iristen zaigula".

Etxebizitza galduta, pisu bat errentan hartu beste biderik ez zuten izan. Alogeragatik, hilean 850 euro ordaintzen zuten, baina diru hori batzeko ere lanak zituzten, eta 680 euroko errenta duen pisu batera aldatu dira.

Gastuei hobeto aurre egin ahal izateko, Bolañosen nebarekin jarri dira bizitzen; beraz, orain lau dira etxean. Ohiko irtenbidea izaten da etxea galdu dutenentzat senitartekoen babesa bilatzea, baina, kasu honetan, horrek ere arazoak ekarri dizkie Bolaños eta bere senideei: laurek familia unitate bakarra osatzen dutela iritzita, administrazioak ebatzi du diru sarrerak bermatzeko errenta bakarra dagokiela, eta, beraz, jasotzen zituzten bi laguntzetatik bat kendu eta bestea asko murriztu diete, azken horren arrazoia zein den oso ondo ez dakiten arren: egun, 73 euro baino ez dute jasotzen hilean diru sarrerak bermatzeko errenta horretan.

Sendia Hipotekek Kaltetutakoen Plataformaren laguntzarekin, Bilboko Udalera jo dute, alogera sozialeko etxebizitza bat lortzeko asmoz. Erantzunaren zain daude, baina lehenengo zantzuak ez dira oso positiboak izan: "Udalak 30 etxebizitza ditu etxea galdu dutenei emateko", azaldu du Sendia elkarteko presidente Rosa de la Fuentek, "eta horietatik hamabi eman dituzte, baina soilki desjabetzea 2012an pairatu zutenei; hots, orain, etxebizitza sozial horietako batzuk hutsik daude, baina ez dituzte ematen familia askok horien behar gorria duten arren; izan ere, gure elkartera familia asko iristen zaizkigu etxea 2012. urtea baino lehenago galdu zutenak eta oso larri daudenak".

De la Fuentek dioenez, Bolañosen sendiaren kasua ez da bakarra, eta erakusten du zorra etxearen truke kitatzeko bide horrek askotan amarrua ezkutatzen duela atzean: "Kasu gehienetan, bankuak mailegu pertsonal txikien bila joaten dira, eta akordioa lortzen dutenean, kitatu gabeko kontu txiki batzuk uzten dituzte, denborarekin eta interesen ondorioz handi bilakatzen direnak; familiak hor harrapatuta gelditzen dira".

Borrokaren beharra

Sendia elkartea osatzen dutenen artean, etxea galdu duten hamar bat familia daude: "Zoritxarrez, kasu guztietan, bankuari etxeko giltza eman ostean jarri ziren gurekin kontaktuan. Gu ziur gaude borrokak fruituak ematen dituela, eta gainerako kasu guztietan, bide bat edo bestea erabiliz, oraingoz denok ari gara gure etxeetan lo egiten. Horregatik esaten diogu jendeari ez itxaroteko, ez etsitzeko; elkartu eta borrokatu egin behar da".

Etxea galdu dutenen soslaia, De la Fuenteren arabera, nahiko antzekoa da. Horietako asko etorkinak dira, desjabetzeen auziak hedabideen interesa erakartzen ez zuen garaian kaleratutakoak, eta gehienetan, prozesuari bakar-bakarrik eta inoren babesik gabe egin behar izan zioten aurre: "Sinadurak biltzen ditugunean, jende asko gure mahaira hurbiltzen dira, sinatzen dute, eta esaten digute beraiek ere bere garaian etxetik kaleratu zituztela, aspaldiko kontua balitz bezala eta auzia galdutzat emanez".

Familia horiek hainbat bide bilatzen dituzte aurrera egin ahal izateko. Ohikoena izaten da gertuko harreman sareetara jotzea babes bila: gurasoen etxera, bikote gazteen kasuan, edo beste senitarteko edo lagunen etxeetara. Alogera izaten da beste bide bat: kasu horietan, diru sarrera murritzak oztopo handia izaten dira, eta ohikoa izaten da pisu bat askoren artean partekatzea, edo gela bakar bat alokatzea.

Baina kasu lazgarriagoak ere badaude: aterpe publikoetara jotzen dutenak, edo, besterik gabe, kalean gelditzen direnak. "Gure elkartean ezagutu ditugu kalean denbora luzea eman dutenak", zehaztu du Rosa de la Fuentek. Azken bolada honetan, soto, biltegi, txoko eta, berez, bizitzeko prestaturik ez dauden bestelako tokiak atondu eta bizitoki gisa erabiltzen dituztenak ez dira gutxi.

Imanol Arbaiza Stop Kaleratzeak Bizkaia — Gelditu plataformako kidea da. Bere elkartean badaude etxea galdu dutenak, baina, dioenez, hainbeste ere ez dira, "arazo hori hona geroago iristen ari delako eta orain bankuek beste estrategia bat daukatelako". Dioenez, banku asko saiatzen ari dira zordunen hipotekak berrikusten eta agiri berriak egiten; hori bai, berme gehiago eskatuta: "Zorra etxea ematearen truke kitatzearena soilik onartzen dute zorraren zati handi bat, %70 inguru, ordainduta dagoenean. Bankuek ez dute etxerik nahi, gero saldu ezinik ibiltzen direlako; beraz, egoera luzatzen saiatzen dira. Espainiako Bankuak esan die bankuei luzapen horietako asko ez direla bideragarriak, baina berdin die. Negozioa egiteko daude".

Horregatik, Arbaizak aurreikusten du aurki egoera asko larriagotuko dela: "Hemendik urtebete edo urte eta erdira, oso gogor joko du arazo horrek. Eta kaltetuak ez dira soilki etorkinak edo bazterketaren ertzean dauden pertsonak izango", zehaztu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.