Herri ekimenek euskal herritarrak biltzeko duten gaitasuna erakutsi zuen atzoko jaialdiak. Lezio bat izan zen abertzaleen arteko elkarlanari begira. Jatorri, adin eta pentsamolde askotariko milaka lagun batu ziren Euskal Herriaren eta Eskoziaren arteko senidetasuna irudikatzeko eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Parte-hartzaileen kopuruari eta lorturiko atxikimenduei erreparatuz gero, formularekin asmatu dutela agerian utzi dute Nazioen Munduko kideek.
Egun osorako egitaraua prestatu zuten, goizetik hasita igande goizalderaino. Ateak ireki eta berehala bertaratzen hasi zen jendea. Eskoziako gaiten eta Euskal Herriko joaldunen soinuen artean, ongietorria egin zieten bi nazioen ikurrinei. Roy Pedersen Inbhir Nis herriko SNPko zinegotziak eta Eider Alustiza Nazioen Munduko kideak, berriz, agurra irakurri zuten, gaelikoz eta euskaraz, eta eskoziarrek dantza erakustaldi batekin eskertu zuten euskal herritarren harrera beroa.
Eguerdi aldean 3.000 lagun inguru zeuden jada, Eskoziako eta Euskal Herriko herri jokoen erakustaldia ikusten. Batzuk enborrak mozten ibili ziren, besteak harriak jaurtitzen, nortasunaren erakusle.
Mundu mailako txapelketa
Eskoziako herri jokoen kasuan, txapelketa moduan antolatu zuten, eta zazpi herrialdek hartu zuten parte: Eskozia, Australia, Flandria, Belgika, Alemania, Japonia eta Euskal Herria, Joxe Martin Bustintza lasto altxatzaileak ordezkatua.
1882. urtean egin ziren aurreneko aldiz Highlands Games deiturikoak, eta ordutik hona, ez dute etenik izan. Eskoziako herri jokoen txapelketa nagusia hemeretzi probaz osatuta dago, baina atzo bost egin zituzten. Enbor jaurtiketak erakarri zuen ikusleen arreta gehienbat. Airera jaurti eta atzekoz aurrera bira eman ostean, ahalik eta zuzenen erori behar du lurrera ia sei metro luzera eta 60 kilo inguru duen enborrak. Berotze ariketetan ez zuten bira ematerik lortu. Ezinezkoa zirudiena, baina, lortu zuten bi parte-hartzailek, eta ikusleek izugarrizko txalo zaparrada batekin ospatu zuten kirolarien balentria. Bereak eta bi ikusi zituzten , halaber, txingen jaurtiketa probarekin. Langa batetik metro batera gutxi gorabehera kokatu eta hari bizkarra emanez txinga pisu bat jaurti behar dute parte-hartzaileek. Hiru metrotara kokatuta dago langa, baina errondak aurrera egin ahala ia sei metrotara iristen dira. 14:30 aldera amaitu zen herri jokoen erakustaldia. Aaron Neighbouraustraliarrak, Jimmy Van de Vall flandiarrak eta Kyle Randals eskoziarrak osatu zuten podiuma.
Ordurako jada prest zegoen paella erraldoia. Jai giroan joan zen bazkaria, eta bazkalostea, Eskoziako eta Euskal Herriko musika doinuz lagunduta.
Arratsaldean, haurrentzako emanaldi berezi bat egin zuten Pirritx, Porrotx eta Marimotots eta Big Rory & Ochie the Dog pailazoek. Euskal Herriko haurrek inork ikusi ez duen piztia bat ikusteko aukera izan zuten, Ness lakukokoa, helduentzat ustekabean.
Ekitaldi nazionalarekin lepo bete zen karpa erraldoia, eta gau osoan kontzertuak izan ziren. Besteak beste, Euskal Herriko Berri Txarrak eta Gose taldeak eta Red Hot Chili Pipers rocka eta gaitak uztartzen dituen Eskoziako taldea aritu ziren.
Kolpez kolpe, harriz harri bide egiten
Milaka herritarrek erantzun zioten atzo Nazioen Mundua herri ekimenak eginiko deiari. Eskoziako kultura hobeki ezagutzeko parada izan zuten, egun osoan antolatutako ekitaldien bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu