Igandean egin zuten Euskal Herriaren independentziari buruzko galdeketa Etxarri Aranatzen, eta behatzaile lanetan aritu zen Ximenis (Bartzelona, 1962). Horrez gain, Katalunian eginiko gisa horretako galdeketen sustatzailea ere izan zen.
Zer moduz atera da Etxarri Aranazko galdeketa? Zer balorazio egiten duzu behatzaile gisa?
Oso ona da balorazio, era denetara. Galdeketa antolaketa aldetik ez du akatsik izan. Zorroztasun handiz prestatu zuen antolatzaile taldeak. Ezin hobeto atera da.
Justiziak ez du esku hartzerik izan galdeketa honetan, polizia presentziarik ez zen izan igandean...
Igandean jende askok aipatu zidan ez zela Guardia Zibilaren kontrolik egon, eta harritu egiten naute halako aipamenek. Agian, izango da guk Katalunian ez dugula horrelako egoerarik. Estatu demokratiko batean bizi gara, ezta? Eta botoa ematea ez da delitua. Beraz, ez dute zertan egon polizia kontrolek.
Parte hartzea %42 izan da. Datu ona al da?
Nire ustez, zifra handia da %42. Kontuan hartu behar da Euskal Herriaren independentziari buruzko aurreneko galdeketa izan dela hau eta, beraz, gai honek oraindik ez duela hedabideetan-eta oihartzun handirik. Jo dezagun galdeketa ez zela ofiziala izan. Ondorioz, baliteke etxarriar batzuek ez izatea informazio nahikorik edo, bestela, errezeloz hartzea kontsulta. 851 boto izan ziren, eta bada zerbait. Geure herrian, Arenys de Munten, %41eko parte hartzea izan zen.
Igandeko galdeketatik zer gehiago azpimarratuko zenuke?
Nik jendea pozik ikusi nuen botoa emateko orduan. Independentziari modu positiboan heldu diote, eta horrexek uzten ditu espainiarrak lekuz kanpo. Katalanok izaera berarekin hartu dugu independentziaren gaia, alai, pozik, festa giroan. Zerbaiten alde gaude, ez ezeren aurka. Etxarri Aranatzen egun osoko jai egitaraua izan genuen, eta hori oso ona da.
Igandeko protokoloak behar al du aldaketarik?
Ederki dago egina. Oinarri bat da beste aldietarako.
Orain, zer? Katalunian 554 galdeketa egin zenituzten urte eta erdi pasatxoan.
Komeniko litzateke galdeketak segida izatea Euskal Herrian. Baina garrantzitsua litzateke modu koordinatu batean egitea, ez soltean. Forma bat emanez gero, indar handiagoa izango du.