IÑAKI ZUBILLAGA. LEKUKOA

«Komunetara heldu ginenerako, urak gure karabana eramana zuen»

12 urte besterik ez zuen gertatu zenean, baina Iñaki Zubillagak ongi asko gogoratzen ditu bere familiak 1996ko abuztuko egun latz hartan bizi izandakoak. Zortea lagun, hondamenditik onik ateratzea lortu zuten.

jarraia201732.jpg
Iñaki Agirre Perez.
2021eko abuztuaren 7a
07:56
Entzun

Las Nieves kanpinean astebete pasatzeko asmoz iritsi zen Iñaki Zubillagaren (Tolosa, 1984) familia Biescasera. Gogoan du 12 urte zituela pare bat egun izan zituela oporraldiaz gozatzeko gurasoekin eta 6 urteko anaiarekin batera. Hondamendia hirugarren egunean gertatu zen, menditik eroritako lohiak eta arrokek inguru osoa estali zutenean. Orduan gaztea zen egun hartan bizitakoari neurria hartzeko, baina ez ditu sekula ahaztuko bere familiari gotortu eta bizia salbatzeko aukera eman zion komunen eraikineko leihotik ikusi zituen irudiak.

Ondo oroitzen zara guztiaz?

Primeran oroitzen naiz nire begiekin ikusi nuenarekin.

Eta zer gogoratzen duzu?

Euri fuertea hasi zen. Oso fuertea. Gu karabana barruan ginen, eta gurasoak irakurtzen ari ziren, lasai-lasai. Kazkabarra hasi zen, eta ni leihotik begira nengoen, denbora pasa, jolasten. Halako batean, ikusi nuen ura goitik behera jaisten ari zela kanpinean, erreka txiki bat bezala, baina, ur gutxi zenez, nirean jarraitu nuen.

Hortik hamar segundora berriz begiratu nuen. Hamar segundo, gehiago ez. Eta, bat-batean, ikusi nuen karabana batek buelta eman zuela eta urak beste bat zeramala. Aitari deitu nion, eta zer gertatzen ari zen ikusi zuenean karabanatik korrika ateratzeko esan zigun. Zortea izan genuen, gu komunak zeuden alde berean geundelako. Metro eta erdira zegoen eraikinera heldu ginen, eta, atzera begiratu genuenerako, gure karabana jada ez zegoen bere lekuan; urak eramana zuen.

Segundo gutxiko kontua, beraz.

Askotan pentsatzen dut zer-nolako zortea izan genuen une horretan. Leihotik begiratu izan ez banu... Ondoko bizilagunei atea jo genien, ez zirelako konturatu. Eta kontua da behin karabana flotatzen hasten denean hortik oinez ateratzea oso zaila dela, eta are gehiago haurrekin bazabiltza. Gurasoentzat hori zer izan ote zen pentsatzea... Nire umeak ditudala, orain hori datorkit burura.

Zorionez, zuek komunetan gotortzeko aukera izan zenuten.

Bai, baina momentu batean ura barrura sartzen hasi zen, eta hor ez genuen ihes egiteko aukerarik. Aita horma zulatzen saiatu zen, sartzen ari zen ura hortik atera zedin, baina ez zuen lortzen. Halako batean, ikusi zuen komuneko teilatua faltsua zela, eta hura apurtu eta zutabeen gainera igo ginen. Hor pasatu genuen dena. Ama, anaia eta hirurok hor igota. Bitartean, aita karabanetan harrapatuta zeudenei laguntzen ibili zen, eta azkenean hogei pertsona inguru bildu ginen komunetan.

Hor goitik ikusiko zenuena izugarria izango zen.

Betiko dudan oroitzapena da: komunak zeukan leiho txiki batetik begira, neska bat ikusi nuen, laguntza eske, karabana bati helduta korronteak zeramala. Ez dut sekula ahaztuko hori. Eta gogoratzen dut une batean dena baretu zela, edo hori zirudien, eta bat-batean sekulako lurrikara entzun zen, eta tonatako harriak mendian behera erori ziren, karabana guztiak txikituz.

Nola zeundeten erreskatatu zintuztetenean?

Beldurtuta eta negarrez geunden oraindik. Suhiltzaileak ordu eta erdira-edo iritsi ziren, eta kotxetan sartu eta Biescasko kiroldegira eraman gintuzten. Han, Biescasko jendea laguntza ematen ari zen, eta familia batek bere etxea utzi zigun gaua pasatzeko, baina ez ginen lo egiteko gai izan. Hurrengo egunean gure gauzen bila bueltatu ginen kanpinera, baina karabanaren puska bat ere ez genuen aurkitu. Lekuak itxura ikaragarria zuen.

Nolakoak izan ziren hurrengo egunak?

Aitona bila etorri zen, eta Tolosara ekarri gintuen. Gaztetxoa nintzenez eta onik atera ginenez, egunek aurrera egin ahala gertatutakoa burutik kendu ahal izan nuen.

Zer sentiarazten dizu orain duela 25 urte gertatutakoak?

Nik ez daukat beldurrik, eta oraindik jarraitzen dut autokarabanarekin kanpinetara joaten, baina orain beti fijatzen naiz non aparkatzen dudan, kezka hori barruan geratzen zaizulako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.