«Komunikatzeko era propioa dute autistek, eta gakoa hori ezagutzea da»

Ondo ezagutzen du autisten errealitatea Olga Bogdashina psikologoak, autismoa duten semea eta alaba baititu; Donostian izan da.

ainara arratibel gascon
Donostia
2010eko urriaren 15a
00:00
Entzun
«Autismoak ez du sendabiderik, baina txikitatik autonomoak izaten laguntzen eta irakasten bazaie, autistek bizimodu normal bat izan dezakete». Birminghameko Unibertsitateko (Erresuma Batua) psikologia irakasle Olga Bogdashinak ondo ezagutzendu autismoaren errealitatea. Ikasketek baino, seme-alabekin izandako esperientziak erakutsi dio gehiago. «Ez nuke nire bizimodua ulertuko haiek gabe». Harro dio semeak errusiera eta ingelesa hitz egitea lortu duela eta alabak abilezia handia duela ordenagailuarekin. Gautenak gonbidatuta hitzaldia eman du Donostian.

Autismoa duen seme bat eta Aspergerren sindromea duen alaba bat dituzu. Nola jaso zenuen seme-alabek arazo hori zutenaren berria?

Itxura batean ez dutenez arazorik, hasieran ez duzu onartu nahi zure haurrak autismoa duenik. Baina pixkanaka gauzak ez doazela ondo konturatuz joaten zara. Une horretan galduta aurkitzen zara. Larritasun moduko bat sortzen zaizu. Hori dela eta, oso garrantzitsua da halako pertsonekin lan egiten duten elkarteetara jotzea. Behin laguntza hori jasota, pixkanaka egoera onartuz joaten zara. Hori oso garrantzitsua da, aurrera egiteko eta zure seme-alabei laguntzeko lehen urratsa baita.

Nolakoa da bizimodua haiekin?

Batzuetan amesgaizto bat da, eta bestetan zoragarria. Dena den, nik ez nuke nire bizimodua ulertuko haiek gabe. Maitagarriak eta zoragarriak dira. Emozionalki indartsua izan behar duzu haiekin bizitzeko. Izan ere, semearen kasuan, adibidez, autismorik larriena du, eta une oro arreta behar du. Horrekin batera, oso garrantzitsua da autismoaren inguruan ahalik eta gehien jakitea. Zenbat eta gehiago jakin, orduan eta errazagoa da bizimodua; bai zuretzat, bai beraientzat.

Komunikatzeko eta interakzio sozialerako dituzten zailtasunak direla eta, autistek bakartzeko joera dute. Baina ez al ditu gizarteak are gehiago bakartzen?

Ez dakit hemen hala den, baina herrialde eta kultura batzuetan hala gertatzen da. Hori dela eta, oso garrantzitsua da gizarteari autismoari eta Aspergerren sindromeari buruzko informazioa ematea, sentsibilizazio kanpainak egitea. Jendeari garbi utzi behar zaio komunikatzeko arazoak izateak ez duela esan nahi horretarako erabateko ezintasuna dutenik. Ziurrenik, beraiei irudituko zaie gu garela komunikatzeko arazoak ditugunak. Komunikatzeko era propioa dute, eta gakoa hori ezagutzea da. Horrek izugarri lagunduko digu haiek ezagutzen eta haien erralitatera gerturatzen.

Hezkuntza sistema prest al dago halako haurrak hartzeko?

Gero eta gehiago. Halako haurren arretarako gakoa hezkuntza da. Izan ere, komunikatzeko dituzten arazoak tratatzeaz gain, dituzten gaitasunak indartzen laguntzen du. Bi adibide jarriko ditut: nire alabak izugarrizko abilezia du ordenagailuekin. Semeak, berriz, 7 urte bete artea ez zuen hitzik egiten. Orain, 22 urte ditu, eta primeran hitz egiten ditu bai ingelesa bai errusiera. Urrutirago joanda, Australian bada Dona Williams izeneko emakume bat. Autismoa du, baina jada zortzi liburu argitaratu ditu. Badira, halaber, unibertsitatean eskolak ematen aritu diren pertsona autistak.

Hezkuntza bereziaren aldekoa zara, edo egokiago iruditzen zaizu autistak gainerako haurrekin integratzea?

Kasu bakoitza aztertu behar da. Batzuentzat onuragarria da gainerako haurrekin integratzea. Beste batzuekin kontrakoa gertatzen da. Zentzumenetan dituzten arazoek ezinezkoa egiten dute integrazioa. Adibidez, soinu asko dagoen lekuetan asko aztoratzen dira. Beraz, eskolan soinu handia badago, zailagoa izango da integrazioa.

Nolakoa da autisten eguneroko bizitza helduak egiten direnean?

Autismoa ez da sendatzen, baina txikitatik ahalik eta autonomoenak izaten irakasten eta laguntzen badiegu, ohiko bizimodu bat izateko gai izango dira: lan egin, familia bat sortu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.