Espainiako konstituzioaren erreforma

Kongresuak Konstituzioaren erreforma tramitatzea onartu du; UPNk alde bozkatu du, eta EAJk eta NaBaik aurka

Erreformak aldeko 318 boto eta kontrako 16 boto izan ditu. EAJk "gutxiengoen gainetik pasatzea" leporatu die PP eta PSOEri; NaBai, berriz, erreformaren inguruko erreferenduma egitearen alde agertu da.

2011ko abuztuaren 30a
18:06
Entzun

Espainiako Kongresuak Konstituzioaren erreforma tramitatzea onartu du gaur, defizita mugatzeko; erreforma proposamenak aldeko 318 boto izan ditu, eta kontrako 16 boto. Alde PP, PSOE eta UPNk bozkatu dute; kontra EAJ, ERC, IU, ICV, BNG, UPD eta NaBaik. CC abstenitu egin da eta CiUk ez du botazioan parte hartu.

UPNko diputatuak, Carlos Salvadorrek, onartzearen alde bozkatu du. Haren ustez, erreformaren gauzarik onena bi alderdi nagusien (PP eta PSOE) adostasuna lortzea izan da. EAJk eta Nafarroa Baik, aldiz, erreformaren aurka bozkatu dute. 

EAJko Kongresuko bozeramaile Josu Erkorekak "gutxiengoen gainetik pasatzea" leporatu die PP eta PSOEri; forma eta prozedurak erabat zapaldu dituztela gehitu du. Gainera, iragarri du EAJk beren proposamen propioa aurkeztuko dutela, zein izango den zehaztu ez duten arren. Erkorekak esan du bere alderdiak ere bat egiten duela hartzen dena baino gutxiago gastatzeko arau orokorrarekin, ez ordea, arau hori Konstituzioan sartzeko proposamenarekin.

Uxue Barkos NaBaiko diputatua ere erreformaren aurka agertu da. Esan du bere alderdia erreformaren inguruko erreferenduma egitearen alde dagoela eta azaroaren 20an bertan egin litekeela. Erreformak foru eskubideen aurka egiten duela azaldu du Barkosek eta Espainiako Gobernuaren eta Nafarrokoaren arteko negoziaketak abiatzeko eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.