Amaitu da Espainiako Kongresuan abdikaziorako lege proiektuaren eztabaida eta bozketa. Espero bezala, aurrera egin du egitasmoak, aldeko 299 botorekin, kontrako 19rekin eta 23 abstentziorekin. Abstenitu direnetako bat izan da Odon Elortza sozialista eta Donostiako alkate ohia: "Kontzientziaren arabera bozkatuko dut. Egun zaila da niretzat". Amaiurreko diputatuak, berriz, atera egin dira aretotik eztabaida bukatutakoan.
Gogor salatu du Amaiurrek abdikazioaren gaineko lege proiektua, Espainiako Kongresuan egiten ari diren eztabaidan. "Juan Carlos I.a errege zela jarraitu egin zuten jazarpenak, atxiloketak, egunkarien itxierak. Eta orain haren ondorengoak gauza bera esan digu, Espainia aberri bakarra eta banaezina dela", salatu du Sabino Cuadra diputatuak. Eta nabarmendu ez dutela inolako monarkiarik nahi: "Guk ez dugu inoiz euskal errepublikarik izan, iparraldean beti ukatu izan zaizkigulako gure eskubideak. Guk prozesu konstituziogileak nahi ditugu, baina bi estatuetan. Ez dugu iruzur gehiagorik nahi".
[youtube]http://youtu.be/_-2HP0XP4e4[/youtube]
Bertol Brech poetaren hitzak erabili ditu Cuadrak, eta ikurrina eskuetan amaitu du agerraldia: "Jabe asko eduki ditugu, hobeak edo okerragoak, baina zapaltzen gaituen bota beti da bera. Eta guk ere gauza bera esaten dugu. Ez dugu erregez aldatu nahi, ez dugu erregerik nahi, ez aita ez semea, eta ezta bietan dagoen Francoren izpiritua ere. Horregatik, Amaiurrek ez du iruzur honetan parte hartuko. Gora Euskal Herria askatuta. Gora errepublika".
Monarkia kritikatu du EAJk ere, eta abdikazioari buruz baino gehiago estatu ereduari buruz hitz egin beharko litzatekeela nabarmendu. Aitor Esteban diputatuak azaldu du "akordio zabalagoak" lantzeko unea dela. "Monarkiak erabilgarritasuna duela erakutsi nahi badu, Euskadi eta Kataluniaren aldarrikapenak onartu behar ditu". Era berean, iragarri du EAJ abstenitu egingo dela bozketan".
Estebanekin bat egin du Geroa Baiko Uxue Barkosek ere, argudiatuz Juan Carlos I.aren abdikazioak estatu ereduari buruzko eztabaida ekarri duela mahai gainera. "Monarkia luzatzen saiatu dira, ezkutuan eta irakurketa bakarraren prozedura erabiliaz, eta hori erreferenduma saihesteko ezkutu moduan erabiltzea errespetu falta erabatekoa da, gutxienez".
Aldeko botoa zuritzen
Kontra bozkatu asmo dutenak krittikatu ditu hain zuzen ere Mariano Rajoy gobernuburuak bere hitzaldian: "Gure arteko akordioak dira uneotan garrantzitsuak, ez iritzi kontrajarriak. Eztabaidatzeko denbora izango da hurrengo urteetan ere. Espainia monarkia parlamentario batean oinarritzen da, espainiarren gehiengoak hala nahi duelako".
UPNko Carlos Casimiro Salvador Armendarizek "baiezko esker oneko boza" iragarri du "erabat demokratikoa eta konstituzionala" izango baten errege baten alde. Aldi berean, gogor salatu du nazionalisten jarrera. "Euren eraikuntza nazionala aurrera eraman ahal izateko, gure aberria apurtu nahi duten horiek berak dira erreferenduma eskatzen edota erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dutenak".
Aldiz, sozialistek legearen alde bozkatu izana zuritzen ahalegindu da Alfredo Perez Rubalcaba, esanez ez lukeela zentzurik Juan Carlos Borboikoa "errege izaten jarraitzera derrigortzeak". Eta zehaztu du gaur alde bozkatuz konstituzioaren alde egiten ari direla.
Erabakitzeko eskubidea
Espainiako Konstituzioaren eztabaidatik at uztea leporatu dio CiU Convergencia i Unioko diputatu Josep Antoni Duran i Lleidak Rajoyren gobernuari. "Politika txikia egitea leporatzen digute. Baina politika txikia egitea da esatea hobe dela Endesa Alemaniara joatea Katalunian geratzea baino". Hala, Francesc Cambo politikari katalanaren hitzak erabili ditu Duran i Lleidak CiUren jarrera defendatzeko: "Monarkiaren eta errepublikaren artean, guk Katalunia".
Erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du Ezker Anitzako Cayo Larak ere, baina errepublikaren eta monarkiaren artekoa. "Horren garbi baldin baduzue espainiarrek monarkia nahi dutela, galde iezaiouze. Erabaki da 1978an adostu zenak betiko izan behar duela. Zergatik, ordea?".