Kongresuaren helburuak eta egitaraua

2012ko maiatzaren 2a
13:57
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak Memoria eta Bizikidetzari buruzko Biltzarra antolatu du Bilbon, maiatzaren 14tik 20ra bitartean, "terrorismoaren astindua eta askatasun gabezia" pairatu duten pertsonen memoria jasotzeko asmoz. Gainera, "terrorismoa deslegitimatu eta bizikidetza finkatzeko" esperientziak eta proposamenak aztertu nahi dira.

2012 Bakea eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtearen barruan kokatzen da biltzarra, "eta tolerantzia, askatasuna, pluraltasuna, memoria eta justiziaren balio etiko eta demokratikoetan oinarritutako gizarte berri baten oinak finkatzeko abiatutako ekimenetako bat da, iragana ahaztu gabe etorkizuna eraikitzeko", Jaurlaritzaren arabera. Egitasmoa Bilbon izango da, EITBren instalazioetan, maiatzaren 14tik 20ra.

Biltzarra inauguratzeko ekitaldia maiatzaren 14an izango da, 11:00etan, eta Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakaria eta Cecilia Malmström Europako Barne komisarioa izango dira ekitaldiko buru. Halaber, Jesus Loza Elkarbizitza eta Memoria Sustatzeko Eusko Jaurlaritzaren arduraduna eta Maixabel Lasa Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendaria ere han izango dira.

Eztabaidetan parte har dezaten gonbidatu dituztenen artean daude, besteak beste, Txileko senatari Isabel Allende, Israelgo ministro ohi Shlomo Ben Ami edota Jose Pedro Perez Llorca Espainiako diputatu ohi eta Espainiako Konstituzioaren egileetako bat. Horiez gain, prozesu historikoen arloko nazioarteko adituak ere gonbidatu dituzte.

Hizketarako gaiak

Hilaren 14an eguerdi aldera Biktimak, testigantza eta bizikidetza izeneko gaiaz ariko dira, eta 18:00etan Bizikidetzarako esperientziak gaiaz.

15eko gaiak: Hedabideak, memoria eta bizikidetza eta Diktaduratik demokraziara.

16koak: Pentsamendua, gizartea eta bizikidetza eta Beste esperientzia batzuk beldurraren aurrean.

17koak: Kultura eta bizikidetza eta Gazteak eta bizikidetza.

18koa: Memoriaren politika: berriz ez gertatzeko etika.

19koak: Terrorismotik bizikidetzara eta Bizikidetzarako hezkuntza.

20koa: Memoria zentroak.

Biltzarra hilaren 20an 12:30ean bukatuko da, Jorge Fernandez Espainiako Barne ministroaren eta Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuaren partaidetzarekin. Halaber, Bilboko alkate Iñaki Azkuna eta Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari Ines Ibañez de Maeztu ere han izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.