Debekuen gainetik, badator Nafarroako konkistaren mendeurrenaren inguruko egun handia. Bihar izango da, eta, ez, ez da konkista ospatuko: «1512an konkistatuak izan arren, herri hau bizirik dagoela ospatu eta aldarrikatu nahi dugu», esan du Sergio Iribarren 1512-2012 Nafarroa Bizirik plataformako eledunak. Nafarroa menderakaitzaren lekukoa hartu nahi dute.
Bihar Iruñera hurreratzen direnentzat, ekitaldi ugariz osatutako egitaraua prestatu dute, goizean goizetik larunbaterako ordu txikiak arte. 09:30ean Iruñeko alde zaharrean barrena txistulariek diana joko dute: «Nafarroa esnatzeko». 10:00etatik aurrera hiru martxa aterako dira. Bata Lizarratik, bestea Burlatatik eta hirugarrena Noaindik. Noaingo zutabeak 1521. bataila gogorarazteko oroitarrian ekitaldi bat egingo du 11:00etan, eta handik Iruñerantz abiatuko dira.
Iruñean, 10:30ean zezen plaza irekiko da. Azoka egongo da, liburuak, tailerrak, haurrentzako txokoak eta eguerdian, ongietorri ekitaldia egingo da. Nafarroa Bizirik taldeak salatu du Nabarrerian prestatuta zituzten hainbat jarduera eta zezen plaza aurrean egin beharreko bazkaria debekatu dituela Iruñeko Udalak. Bazkaria zezen plaza barruan egingo diute. Goiz osoan, hainbat peñaren egoitzak irekita egongo dira.
Arratsaldean, 17:00etan abiatuko da martxa nazionala: Golem zinema aretoetatik, autobus geltokitik eta Trinitariosetatik. Antoniutti parkean elkartuko dira eta Gazteluko plazan egingo da ekitaldia. «Gamazada berriaren deialdia» iragarri dute. 19:30ean, kontzertuak zezen plazan, 15 eurotan (7,5 euro langabeentzat).
Konkista dela-eta bihar Iruñean egingo den jaialdirako dena prest
Bost menderen ondoren «Nafarroa bizirik» dagoela aldarrikatu nahi dute sustatzaileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu