Konpartsek babesa helarazi diote Jone Artolari

Udalak ez ezik, Bilboko konpartsek ere alegazioak aurkeztuko dituzte epaitegian, debekua kentzeko exijitzeko.

2013ko abuztuaren 13a
21:54
Entzun

Jende andana bildu da eguerdiko hamabietan Bilboko Arriaga plazan egin den elkarretaratzean, Artolari babesa agertzeko Bilboko konpartsek antolatuta. Artola pregoilari izatea galarazten duen debekua auzitegian dago. Udalak alegazioak aurkeztuko ditu Bilboko Administraziorekiko Auzi Epaitegiak hartutako erabakiaren inguruan, eta beste horrenbeste egingo dute konpartsek.

Elkarretaratzean, konpartsen ordezkariek hitza hartu dute. Debekua salatu eta txupinera defendatzeaz gain, eurek ere alegazioak aurkeztuko dituztela jakinarazi dute. Gaur bukatuko da alegazioak aurkezteko epea.

Epaitegiak larunbatean utzi zuen bertan behera txupineraren izendapena, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariaren eskaera betez. Etxerat eta Txori Barroteko kide izatea, EAE-ANV eta Euskal Herritarrok-en aritzea eta anaia preso izatea da epaitegiak Artolari leporatzen diona txupinera izatea galarazteko.

Jaietako zinegotzi Itziar Urtasunek adierazi du epaitegiak debekua berresten badu udalak “legea bete” egingo duela. Bihar bilduko da Jai Batzordea, zer egin pentsatzeko. Udaleko eta konpartsetako ordezkariek hartuko dute parte bileran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.