Konplexurik gabe aritzeko

Edonon eta edonorekin euskaraz hitz egin eta gaizki ez sentitzeko hainbat aholku jaso dituzte hizkuntza jokabideen tailerrean aritu direnek.

Donostia
2012ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Taberna batera sartu, zerbitzariak euskaldun itxurarik ez duelako tragoa gaztelaniaz eskatu, eta hark euskaraz erantzun. Edo euskaraz eskatu, eta hark ulertzen ez duelako gaztelaniaz eskatu behar, berriz. Eta gaizki sentitu. Horrelako egoerak ohikoak dira euskal hiztunen egunerokoan. Euskal hiztunenean eta gainontzeko hizkuntza gutxituetakoenean. Frustrazioa, lotsa, etsipena, haserrea eragiten duten egoerak dira. Baina errazago gaindi daitezke, nola jokatu jakinez gero. Juanjo Ruiz Emun hizkuntza zerbitzuetako langileak hainbat aholku eman zizkien atzo Donostiako San Telmo museora TELP hizkuntza jokabideen tailerrari buruzko hitzaldia entzutera joan zirenei.

Valentzian eta katalan hiztunentzat sortu zuten TELP tailerra, eta, 2007az geroztik, haren egokitzapen bat eskaintzen du Emunek. Hamar orduko tailer hori euskaraz egiteko gogoa duten hiztun kontzientziadunentzat da, euskaraz bizi nahi baina zailtasunak dituztenentzat. Ruizek azaldu zuen hiztun bakoitzari berea egin eta defendatzeko baliabideak eskaintzen dizkiotela tailer horretan, besteekiko errespeturik galdu gabe.

Emuneko langilearen arabera, tailerrean ez dute ikuspegi ideologikorik eta historikorik lantzen; hiztunen psikologia ulertzen saiatzen dira, eta egoera jakinetan aurrera ateratzeko trebatzen dituzte. Hainbat adibide jarri zituen Ruizek.

Zigorraren eta sariaren kontuaz jardun zuen. Kontatu zuen, 1960ko hamarkadan, eskolan euskaraz hitz egiten zuten haurrei eraztun bat jartzen zietela irakasleek eta egunaren bukaeran eraztuna jantzita zeukanak zigor fisiko gogorra jasotzen zuela. Eta Telefonicako langile bati espedientea zabaldu ziotela lantokian euskaraz egiteagatik. Eta ama bati 500 pezetako isuna jarri ziotela semeari kalean Jontxu deitzeagatik, Juanito deitu beharrean. Adibide horiekin guztiekin, euskara zigor bidez isildua izan dela erakutsi nahi izan zuen Ruizek. «Eta aurrekoek jasotako kultura hori hor gelditzen da; maila psikologikoan eragin egiten digu, nahiz eta gaur euskaraz hitz egiteagatik ez gaituzten modu horretan zigortzen. Gizakiak gara, eta gizakiok egoera deserosoak saihestera jotzen dugu».

Eredu izatearen eta imitazioaren garrantziaz ere mintzatu zen. Ruizek uste du norbanako bakoitza eredu dela bere esparruan eta euskarari ematen dion trataerak eragina duela ingurukoengan. «Askok euskaraz egiten diete haurrei, eta gaztelaniaz bikotekideari eta lagunei. Umeek hori ikusi egiten dute; konturatu egiten dira, eta gauza bera egien dute, umeak baitira, ez inozoak», azaldu zuen.

Horregatik, nonahi eta edonorekin euskaraz egitea defendatu zuen Ruizek, baita hori praktikan jartzeko zenbait aholku eman ere. Lehendabizikoa, beti euskaraz hastea, mintzalaguna edozein dela ere, aurreiritzirik gabe, arraza, kolore eta itxura guztietako euskaldunak daudelako. «Aurreiritziak geuk jartzen ditugun mugak baitira. Lagunak berak esango digu nora arte jarrai dezakegun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.