Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Bozen ondorena

Konponbidea eta ekonomia soziala ardatz hartuta ekingo die EH Bilduk elkarrizketei

Gainerako alderdiekin akordioak lortzeko oinarri izango dituen 40 konpromisotik gora aurkeztu ditu koalizioakMintegik nahitaezko jo du «nazio politikak» egitea, eta herritarrak erdigunean kokatzea

Maribi Ugarteburuk, Juanjo Agirrezabalak, Rebeka Uberak eta Oskar Matutek lagunduta agertu zen Mintegi atzo prentsaren aurrera. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Hauteskunde kanpainan azaldutako printzipioak zehaztu eta konpromiso bihurtu ditu EH Bilduk. Euskal Herriko gatazkaren konponbidea, krisi ekonomikoari erantzuna eta subiranotasuna ardatz hartuta, 40 neurri baino gehiago taxutu ditu koalizioak, «legegintzaldian herri honek dauzkan arazo nagusiei aurre egiteko». Hitzarmenak lortzeko abiapuntu izango dira, datozen asteotan gainerako alderdi politikoekin izango dituzten elkarrizketetan, Laura Mintegi lehendakarigaiak atzo Bilbon azaldu zuenez: «Akordioak ezinbestekoak dira, eta horiek lortu ahal izateko planteatu ditugu oinarri hauek».

«Gatazka politikoari konponbide demokratikoa emateko aukera historikoa» dute Eusko Legebiltzarra osatuko duten indarrek, Mintegik nabarmendu duenez. Etorkizuna «bake, askatasun eta justizia parametroetan» eraikitzeko helburua jarri du, eta horretarako, krisiaren abagunea kontuan hartuta, nahitaezkotzat jo du herri gisa jardutea, «nazio politikak aplikatzea, eta herritarrak politika horien muinean kokatzea».

Akordioei begira, alderdi politiko ia guztiekin aurki dezake EH Bilduk topaguneren bat, gaiaren arabera. Mintegik argitu du, halere, itunak norekin sinatu baino gehiago interesatzen zaiela zertarako. Oraingoz, EAJrekin batzartuko da asteartean. Hona hemen koalizioak aurkeztu dituen oinarrien ildo nagusiak:

Gatazka konpontzea

Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbiderako eta normalizaziorako bidean, alderdien arteko elkarrizketa prozesua bultzatu nahi du EH Bilduk. Era berean, «biktima guztien inguruko lanketa integrala» erdiesteko egitasmoak eskatu ditu; Egiaren Batzordeak jarri ditu adibide Mintegik: «Ez dago aurrera begiratzerik atzera begiratuz ez bada. Normalizazioa lortzeko, iraganaren irakurketa kritikoa egin behar da, sufritu duten sentsibilitate guztiak identifikatu; apal eta eskuzabal, elkarbizitza eta aitortza egoera baterantz joateko».

Preso politikoen auzian, koalizioak bi eskakizun egin dizkio Eusko Jaurlaritzari: salbuespen legedia bertan behera uzteko bidean «konpromiso irmoa», eta espetxeratutakoak «Euskal Herriratze eta etxeratzearen aldeko dinamika indartzeko plan berezia». Ertzaintza eredua ere izan du hizpide Mintegik: «Eredu zibila eta gardena sustatu behar da».

Erabakitzeko eskubidea

Koalizioarentzat funtsezkoa da Euskal Herriaren onarpena; hartara, erabakitzeko eskubidearen onarpena «bilatzea eta eskuratzea» jarri du bere konpromisoen artean. Euskal Herriko beste lurraldeekiko harremanak sakontzeko ere eskatu du.

Egoera ekonomikoa

Krisiari aurre egin eta ekonomia eraberritu eta enplegua sortzeko plan integrala proposatu du EH Bilduk. Ekonomia erreala berritzea eta bultzatzea, enplegu duina sortzea, zerbitzu sozialak zein sektore publikoa indartzea, eta garapen ereduan ingurumena kontuan hartzea izango lituzke helburu planak. Horretarako, zenbait asmo zerrendatu ditu: elikadura burujabetzaren bidean lehen sektorea indartu, euskal esparru laboralerantz urratsak egin, energia berriztagarrien aldeko apustua bultzatu —fracking-a alboratzea barne—, helburu soziala duen ikerketa zientifikoa sustatu...

Baina bestelako neurri ekonomikoez ere mintzatu da Mintegi: «Ekonomia sozialaren aldeko apustua egin nahi dugu, pertsonen neurrira egina, ekologikoki iraunkorra izango dena, eta elkartasuna ardatz izango duena». Hala, gastu sozialetan murrizketa gehiagorik ez egiteko konpromisoa eskatuko die alderdiei, baita egindakoak berraztertzekoa ere. AHTari atzerapena aplikatzea eta etxe kaleratzeak etetea ere aipatu ditu.

Zergen alorrean, erreforma «sendo eta zabala» egin nahi du koalizioak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batzar nagusiekiko elkarlanean. «Kapital errenten estatus pribilegiatua amaitzea», eta zerbitzu zein politika publikoak «bermatu ahal izateko sarrera nahikoak erakartzea» xede izango lituzke erreformak.

Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan Espainiako Gobernuarekin negoziatu beharreko gai batzuk ere mahai gainean jarri ditu, hala nola BEZa bertan arautzea eta kudeatzea. Kontzertua bera berraztertzea proposatu du, eta Nafarroarekin batera Ecofinen —EBko Ekonomia eta Finantza gaietarako Batzordea— parte hartzeko eskubidea aldarrikatu du. Era berean, Espainiako zor publikoaren igoerari zein indar armatuen aurrekontuei dagozkien zatiak kupoaren ordainketatik deskontatzeko eskatu du.

Parekidetasuna

Emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna lortzeko, «gobernagarritasun eredu berria» jarri du xedetzat EH Bilduk. Horri buruzko eztabaida eskatu du, baita politika publikoetan ikuspegi feminista txertatzeko ere. «Pertsonen zaintza ardura sozial eta publiko bilakatzea» aipatu du; ildo horretan, eta lan produktiboa eta erreproduktiboa banatzeko, gizonen zein emakumeen lanorduak murriztea proposatu du, soldatak jaitsi gabe.

Hezkuntza eta hizkuntza

«Hezkuntza eredu publiko propio eta berria» eraiki nahi du koalizioak; horren barruan, «ume guztiak euskaldun eleaniztunak izateko aukera bermatuko duen eredu bakarra» martxan jartzeko asmoa agertu du. Era berean, hizkuntza politika berri baten aldeko apustua egin du, eta, besteak beste, «euskarari estatus berria emango dion legea» adosteko konpromisoa hartu du.

Eredu instituzionala

Legeez mintzatu da Mintegi, eredu administratiboaren arloan. Batetik, Euskal Udalen Legea adostu eta onartzeko konpromisoa agertu du. Bestetik, Lurralde Historikoen Legea berrikusi nahi du, bikoiztasunak aztertu eta saihesteko; erakundeen arteko koordinazio tresnei lege izaera eta maila instituzionala ematea hobetsi du. Jaurlaritzari dagozkion eskuduntzak lortzea ere aipatu du, batez ere, Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoaren eta espetxe politikakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.