Aberri Eguna. Bezperako ekitaldiak

Konponbidea, indar metaketa eta independentzia aldarri, Donazaharren

Alderdi ezkertiar eta abertzaleek Euskal Herria Europako nazio izateko «asmo tinko eta sendoa» plazaratu duteTestuinguru politiko berria azpimarratu, eta elkarrizketaren beharra aldarrikatu dute

Ezker abertzaleko, ABko, EAko, Aralarreko eta Alternatibako ordezkariak, atzo, Donazaharren egindako ekitaldian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Donazaharre
2012ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Donazaharren ( Nafarroa Beherea) alderdi ezkertiar eta abertzaleek Aberri Egunaren bezperan egin ekitaldian, Euskal Herria Europako nazioa izateko aldarria plazaratu dute, eta Aberri Egunean parte hartzeko deia egin.

Abertzaleen Batasuna, Alternatiba, Aralar, Eusko Alkartasuna eta Ezker Abertzaleak parte hartu dute ekitaldi politikoan.

Euskal Herriarentzako lanean segitzeko konpromisoa berretsi, eta egun Euskal Herrian bizi den egoera politiko berria azpimarratu dute. «Aro berri batean gaudela aldarrikatzen dugu. 2012ko Aberri Egunak garrantzi berezia du, Gernikako Akordioa eta Aieteko konferentziaren bidean kokatzen baita», adierazi du Alternatibako kide den Josu Estarronak.

Euskal Herriaren oraingo testuinguru historikoa ere azpimarratu nahi izan dute bildu alderdiek. Nafarroako Erresumaren konkistaren 500. urteurrena eta Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena direla gogora ekarri dute, besteak beste. «500 urte dira Nafarroako Erresuma konkistatua izan zela. Nafarroko Erresuma Euskal Herriaren burujabetzaren sinboloa da. Euskal Herria independentzia berreskuratzeko bidean da, zutik», esan du Estarronak.

Bide horretan, euskal preso eta biktima guziak kontuan hartu behar direla adierazi du .

Elkarrizketa konponbiderako

Donazaharren egin ekitaldian, Euskal Herriaren subiranotasuna aldarrikatzen dutela izan da helarazi mezu nagusia, eta, bide horretan, lan egiteko ibilbide orriak zein izan behar duen zehaztu dute. «Euskal Herrian, egiazko bakea eta konponbidea lortu nahi dugu, eta, horretarako, elkarrizketa politikoaren beharra aldarrikatzen dugu», adierazi du Aralar alderdiko kideDani Maeztuk.

Elkarrizketa politikoa bermatua izan dadin, alderdien mahaia eratu beharra eta alderdi politiko guztien parte hartzeko eskubidea aldarrikatu dute, egun, alderdi guztiak legalak ez direla salatuz.

Maribi Ugarteburuk hartu du hitza Ezker Abertzalearen izenean, eta Frantziako eta Espainiako estatuei eskatu die Euskal Herriaren gatazkaren konponbidean urratsak egin ditzatela: «Frantziako eta Espainiako estatuei ardurak har ditzatela eskatzen diegu». Ugarteburuk, ildo beretik, Europako eragileei dei egin die Euskal Herriko gatazkaren konpontzean parte har dezaten.

Euskal Herriak pairatzen duenegoera politiko eta soziala salatu dute ekitaldian parte hartu duten alderdi politiko ugariek. Alde batetik, Euskal Herria bi estatuen artean bereizirik dagoen lurraldea dela salatu dute. « Ipar Euskal Herriak jasaten duen ukazio egoera azpimarratzekoa da, baita Hego Euskal Herria bi eremu juridikotan banaturik dagoela ere», esan du Ugarteburuk.

Abertzaleen Batasunaren izenean hitza hartu du Joseba Garak, eta, burujabetza politikoa aldarrikatzeaz gain, burujabetza soziala izatearen garratzia azpimarratu du: «Askapen nazionalak askapen soziala behar duela beti egia bada, egia horri inoiz baino tinkoago eutsi behar diogu orain dugun krisialdi gogor honetan».

Euskara zutabetza

Egin ekitaldian, euskara Euskal Herriaren zutabea den elementua dela nabarmendu dute: «Integrazioarako tresna gisara dugu euskara, mendeetan zehar askotariko errealitateak integratzeko gaitasuna izan baitu», erran du EAko ordezkari Ikerne Badioalak, euskara Euskal Herriaren batasuna finkatzen duen Lingua Navarrorum dela azpimarratuz.

Euskararen egungo egoera salatu dute ekitaldian bildu alderdiek. Hala, euskarak Euskal Herri osoan ofiziala izan behar duen aldarria egin dute: «Euskarak gure herrian elkartasuna finkatzen du, eta gure hizkuntza nazionalaren aldeko borroka funtsezkotzat hartzen dugu XXI. mende honetan», adierazi du Badiolak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.