POLITIKA

Konponbidea sustatzeko ebazpen bat onartu dute Gipuzkoako Bildu, EAJ, PSE eta Aralarrek

Euskal presoen eskubideak betetzeko, biktimak aitortu eta eragindako mina onartzeko, alderdiak legeztatzeko eta "bazterkeriarik gabeko" elkarrizketa egiteko eskatu dituzte Batzar Nagusietako taldeek. 

2012ko martxoaren 30a
21:20
Entzun

Euskal Herriko gatazkaren konponbidea sustatzeko asmoz ebazpen bat onartu dute gaur arratsaldean Gipuzkoako Batzar Nagusiek, Bildu, EAJ, PSE-EE eta Aralarren botoekin. "Bakegintza, normalizazio eta elkarbizitza prozesuaren egonkortzea" dute xede. 51 batzarkideetatik 47 dituzte lauren artean: Bilduk 22, EAJk hamalau, PSEk hamar eta Aralarrek bat. PP aurka azaldu da —lau batzarkide ditu—.

Euskal presoen eskubideei buruzko eskakizun batzuk egin dituzte, batetik. 2006an Eusko Legebiltzarrak arlo horretan onartutakoa berretsi dute. Hala, euskal presoak gerturatzeko, presoen oinarrizko eskubideak errespetatzeko, eta gaixotasun larriak dituzten eta zigorraren zatirik handiena beteta duten presoak askatzeko eskatu dute. Halaber, Jaurlaritzari eta Nafarroako exekutiboari espetxeetako eskumena igortzeko galdegin diote Espainiako Gobernuari.

Era berean, Jaurlaritzaren idatzi hark zioenez jasoz, "salbuespenik gabe" giza eskubide denak defenditzeko konpromisoa azaldu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietako Bildu, EAJ, PSE eta Aralarrek, eta pertsona guztiek —presoek barne— politikan parte hartzeko bermea behar dutela aldarrikatu dute.

"Biktima guztiak" aitortu behar direla diote, eta "memoria eraikitzean, eragindako mina onartu" egin behar dela. Biktimek kalte-ordainak jaso beharko lituzkete, lau taldeen arabera.

"Soilik bide politikoak" erabiltzen dituzten indar politikoak "ahal den azkarren" legeztatzeko ere eskatu dute. Idatzian, dena dela, ez dute aipatu Sortu ezker abertzaleko alderdi politikoa.

Mitchell irizpideetan oinarrituta, "bazterkeriarik gabeko" eta "desberdinen arteko" elkarrizketaren alde agertu dira.

Bestalde, Bateragune auziarekin loturiko ebazpen bat ere onartu dute Bilduk, Aralarrek eta EAJak, auzipetuen askatasuna aldarrikatuz. PPk eta PSE-EEk aurka bozkatu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.