Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna

"Konponbideak, baliabideak eta konpromisoak" exijitu dizkiete emakumeek erakundeei

Mobilizazio jendetsuak egin ditu Mugimendu Feministak emazteen aurkako indarkeria salatzeko egunean

Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguneko manifestazioa, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2019ko azaroaren 25a
20:51
Entzun

«Dena esanda dago, bai, eta aspertuta gaude feministak isilaraztera garamatzaten hitz hutsal horiekin. Erakundeei konponbideak, baliabideak eta konpromisoak exijitzen diegunen hitza isilarazi eta zalantzan jartzea da botere guneetan daudenen jarrera nagusia. Ardurak hartzeko ordua da». Mezu hori aireratu du Mugimendu Feministak, Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko egunaren harira. MIlaka emakume atera dira arratsaldean Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko kaleetara, feministen deialdiari erantzunda.

Eskaera zehatzak egin dizkiete erakundeei eta enpresaburuen elkarteei, ardurak hartzeko bide horretan aurrera egiteko. Pentsioetan, «%44ko genero arrakala» ezabatzeko eta pentsiodun guztientzat 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatu dute, gaur arratsaldean zabalduriko agiri batean. Etxeko langileak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorraren parte izatea eta lan eskubide duinak aplikatzea galdegin dute.

Eusko Jaurlaritzari eskatu diote «ikuspegi feminista» duten aurrekontuak, eta eskoletan hezkidetza eta berdintasunean heztea.

«Indarkeria obstetrikorik» erabiliko ez duten prebentziozko osasun-politikak exijitu dituzte, eta abortu «libre eta doakoaren eskubidea» bermatzea. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta igotzea eskatu dute, eta Atzerritartasun Legea abolitzea.

Enpresaburuen elkarteei soldata-arrakala konpontzeko, eta «kristalezko sabaiak» ezabatzeko eskatu diete.

«Justizia patriarkala» salatu dute, emakumeak «biktima babesgabe» eta autonomirik gabeko gisa tratatzen duena. «Justizia feminista eskatzen dugu, emakumeok jasaten ditugun diskriminazio eta indarkeria kontzeptuak behar bezala enfokatzeko eta ezinbestean aldatu behar den fenomeno sozial eta estruktural gisa onartzeko».

Euskal Herriko mugimendu feministak Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hiriburuetan antolatu ditu manifestazioak, 19:00etan hasita. Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik abiatu dira; Bilbon, Jesusen Bihotza plazan elkartu dira; Donostian, Alderdi Ederren; eta Iruñean, Gaztelu plazan egin dute bilkura.

Mugimendu feministak ez ezik, sindikatuek ere hartu dute aldarrikapenerako tartea. LABek eguerdian egin ditu elkarretaratzeak, Hego Euskal Herriko Lan Ikuskaritzetako egoitzen aurrean, Saretu, elkartu, salatu eta borrokatu leloarekin. ELAk, berriz, Donostiako EHUren Carlos Santamaria liburutegian egin du protesta, goizean.

Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna gogoan izan du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Arartekoak, eta mundu zabaleko datuak erabili ditu horretarako: «Datuak asaldagarriak dira: hiru emakumetik batek indarkeria fisiko eta sexuala pairatu du, ia 750 milioi emakume eta neskato 15 urte bete baino lehen ezkondu ziren, gutxienez 200 milioik jasan dute mutilazio genitala, pertsona salerosketaren biktimetatik %71 emakumeak eta neskatoak dira, indarkeria matxista minbizia bezain heriotza eta desgaitasun sortzaile larria da ugaltzeko adinean dauden emakumeen artean». Horren aurrean, «isiltasunaren kultura» amaiaraztera dei egun du Arartekoak, eta «erantzun kolektibo irmoa» eskatu, «izurri iraunkor» horren aurka.

EHU Euskal Herriko Unibertsitateak ere zabaldu du ohar bat: Eragin dezagun olatu erraldoi bat emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko. "Berdintasun erreala eta giza eskubideen errespetua helburu eta bizitza eredu" dituzten guztiek bat egin behar dutela adierazi du unibertsitateak, belaunaldi eta kolektibo guztiei dei eginda. "Ez dago feminismoa ulertzeko eta bizitzeko eredu bakarra. Ez dezagun iparra galdu. Ez dezagun ahaztu gure haserrearen iturria zen den, eta lan egin dezagun elkarrekin. Emakumeen kontrako indarkeria errotik ezabatzea guztion esku dago".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.