"Konponbidearen garaian" atxiloketak ez dituztela onartzen salatu du hainbat eragilek gaur goizean Donostian, "Euskal Herriko gizarteak ez duelako iraganaldira itzultzea onartzen". Iñaki Igerategiren eta Inaxio Otañoren atxiloketak salatzeko agerraldia egin dute, eta horrekin batera, XXI. mendean Europako estatu batean "tortura arriskuan egotea jasangaitza" dela gaitzetsi dute.
Ezker abertzalea, Aralar, EA, Alternatiba, LAB, EILAS, EHNE, Bilgune Feminista, TAT, Behatokia, Herrira, Gazte Independentistak eta ESAIT bildu dira agerraldira. Senideei elkartasuna azaltzearekin batera, elkarretaratzeak deitu dituzte.
"Inkomunikazioak dirauen bitartean" Andoaingo udaletxearen aurrean 12:00etan eta 19:00etan biltzeko deia egin dute, eta bihar, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan Espainiako Gobernuaren ordezkaritzen aurrean, 19:00etan. Larunbatean 12:00etan Andoainen manifestazioa egingo dute.
"Gure arazoak mahai baten inguruan hitzen bitartez konpondu nahi dituen gizarte heldua gara. Horregatik estatuek beraien errepresio estrategia lehenbailehen bertan behera uztea eta alde guztien arteko elkarrizketa politikoa nahi dugu", adierazi dute prentsaurrekoan.
Protagonista nagusia euskal gizartea da, haien arabera, eta gatazkaren konponbidean "urrats nabarmenak" egin dira; horien artean, Aieteko Nazioarteko Konferentzia eta ETAk hartutako erabaki "historikoa".
"Estatuko ordezkariek ere ezin dute hori ukatu, eta Euskal Herrian jende gehienak itxaropenez aro berriaz hitz egiten du", gaineratu dute.