Konponbidearen giltza erabakitzeko eskubidea dela esan du Ibarretxek

Euskal Herria erabakitzeko eskubidea duen subjektu politikoa dela defendatu du lehendakari ohiak bere doktore tesian

jokin sagarzazu
Donostia
2010eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Euskal Herria bere etorkizun politikoa, ekonomikoa eta soziala erabakitzeko eskubidea duen subjektu politikoa dela defendatu du Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak egindako doktore tesian. Haren irudiko, Euskal Herriaren aitortza eta erabakitzeko eskubidea dira euskal gatazkaren konponbiderako «giltzak», bai eta garapen ekonomikoa eta soziala finkatzeko zutabeak ere. Ibarretxeren arabera, printzipio horiek estatutu berri batean jaso behar dira, «gaurkoa agortuta dagoelako». «Armiarma sare legala eraiki dute Gernikako Estatutuaren garapena oztopatuz eta haren ahalmenak nabarmen murriztuz». Ibarretxek azaldu duenez, «normalizazio politikoaren benetako arazoak ez datza transferentzia multzo batean soilik; arazoa termino politiko eta demokratikoetan aztertu behar da».

Printzipio etikoa, printzipio demokratikoa eta giza garapen iraunkorra: eredu demokratiko baten oinarriak izenburu duen tesia irakurri zuen Ibarretxek atzo EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean. Jose Manuel Castells, Gurutz Jauregi, Miguel Herrero y Rodriguez de Miñon, Jorge Tapia eta Michael Keating katedradunek osatutako epaimahaiaren aurrean defendatu zuen tesia. Aretoan izan ziren Ibarretxeren familia, EAJko alderdikideak - besteak beste, Iñigo Urkullu EBBko presidentea- eta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohi ugari.

Ibarretxeren agintaldiaren garaian eman ziren aldaketa politikoak, ekonomikoak eta sozialak eta garai horretan Eusko Jaurlaritzak defendatu zituen politikak biltzen dira tesian. Hala, gatazka politikoaren alorrean, Ibarretxek dio 1998. urtea «mugarria» izan zela konponbiderako bidean. Euskal Herriko eragile politiko eta sozial «guztiek» bakea eta politika ezberdindu behar zirela onartu zutela dio, eta biktimekiko «gertutasuna» indartu eta haien erabilpen politikoa baztertu behar zela onartu zutela nabarmendu du. «Praktikan, baina, beste gauza bat gertatu zen» deitoratu du Ibarretxek.

Era berean, 1998 eta 2001. urteen artean, Eusko Legebiltzarrean «bizikidetza esparru berri bat adosteko oinarriak» finkatu zirela adierazi du, eta lan haren emaitza 2004. urtean legebiltzarrak onartutako Estatutu Berrirako Proposamena izan zela nabarmendu du. Proposamen horrek Espainiako Gorteen ezezkoa jaso bazuen ere, lehendakari ohiak uste du sortutako eztabaidak azalera ekarri zuela «[Espainiako] Estatuak berak birsortzeko duen beharra eta hori aurrera ateratzeko beharrezkoa den konstituzio aldaketa».

Eskubide guztiak, guztientzat

Ibarretxeren arabera, esparru berri baterako negoziazioaren oinarriak izan behar dira «printzipio etikoa eta printzipio demokratikoa». Alde batetik, ETAk indarkeria behin betiko amaitu behar duela adierazi du, «inongo prozesu politikotan inolako zeregin berme emailerik berarentzako gorde barik».

Era berean, alderdi eta erakunde guztiek giza eskubideen inguruan hausnarketa sakona egin behar dutela esan du. Nazioarteko erakunde ugarik salatu dituzte giza eskubideen urraketak gogoratu ditu Ibarretxek, eta atxilotu eta presoen egoera aztertu du bereziki. Horren harira, beste espetxe politika bat garatzea beharrezkoa dela nabarmendu du.

Eskubide zibil eta politikoen murrizketak ere salatu ditu. Haren arabera, normalizazio politikorako oinarrizko faktoreak dira euskal gizartearen aniztasun politikoa aitortzea eta horrek isla izatea euskal erakundeetan.

Ibarretxeren arabera, «betorik gabeko» elkarrizketa da konponbiderako «bide bakarra». «Elkarrizketak oinarrizko printzipio bat eskatzen du soilik: errespetua. Giza eskubideen errespetua,bazterketarik gabeko proiektu politiko guztien errespetua, printzipio demokratikoaren errespetua eta jardute demokratiko betean euskal gizarteak hartutako erabakienganako errespetua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.