Hain justu, ordubatak inguruan bukatu da manifestazio ondorengo ekitaldi politikoa Bilboko Udaletxe aurrean. Euren ustez konponbidearen giltzak zeintzuk diren agertarazteaz gain, PSOEri kritika egin diote antolatzaileek, konponbideari bizkarra ematen ari zaiola iritzita. "PSOE bizkarra ematen ari zaio irtenbide aukerei. Egunero ari da hori erakusten. Beldur dio gatazkaren konponbide demokratikoari, eta prozesuaren mamia eta norabidea desitxuratzen ari da eraso horiekin guztiekin", esan du antolatzaileetako batek ekitaldi politikoan.
Baina manifestaziorako deia egin duten herritar talde "ezkertiar eta abertzale" horrez gain, Batasuneko buruzagiek ere egin diote kritika PSOEri:Batasunaren eskubideak ez dituela errespetatzen eta ez dagoela gauzak bideratzeko prest salatu du Jone Goirizelaia mahaikideak. "Ikusten dugu momentu honetan berriro ere PSOEk ez dituela errespetatzen Batasunaren eskubideak. Batasunak eskubidea dauka manifestazioak egiteko, konbokatzeko, eta bere jardun politikoa aurrera eramateko. Behin eta berriro eskubide horiek ukatzen dizkigute. Horrek frogatzen du une honetan PSOE ez dagoela egon beharreko tokian, eta ez dagoela prest gauzak bideratzeko", esan du Goirizelaiak.
Aurrez aipatu bezala,Bilbotar talde batek Euskal Herriak autodeterminazioa leloarekin deitutako manifestazioren hasieran egin ditu adierazpen horiek, Bilboko Plaza Eliptikoan (Moyua plaza). Deialdi horren inguruan hainbat gorabehera izan badira ere, azkenean, ekitaldia egiteko baimena eman zuen atzo Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak.
Manifestazioa aurkeztu zutenean, autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeaz gain, konponbide prozesuari bultzada ematen nahi ziotela agertu zuten antolatzaileek; zehazki, prozesuaren aldeko herritarren parte-hartzea bideratu.
Donostiako Aste Nagusian lelo berarekin egin zen beste manifestazio bat, hura ere herritar talde batek deituta, eta prozesuaren inguruko kezka agertzeko eta bultzada emateko asmoz.
Orduan bezala orain ere, PPk eta alderdi horren inguruko eskuineko sektoreek ekitaldia debekatzeko eskaera egin dute behin eta berriz, baita auzibideari ekin ere. Donostiako kasuan Baltasar Garzon epaileak eta oraingoan Santiago Pedrazek atzera bota dituzte, ordea, elkarte horien eskaerak, eta manifestazio horiek debekatzeko arrazoirik ez dagoela ebatzi dute.
Nolanahi ere, bi kasuetan ohartarazi dute "terrorismoaren goraipatzerik" egingo balitz edo Batasunaren mezu zein ikurrik agertuko, Ertzaintzak segituan oztopatuko beharko lituzkeela manifestazio horiek.
Politika
Konponbidearen muina erabakitzeko eskubidea dela aldarrikatu dute milaka herritarrek Bilbon
12:15etan, ordu laurdeneko atzerapenez, abiatu da Bilboko Plaza Eliptkikotik (Moyua Plaza) autodeterminazioaren aldeko manifestazioa. Milaka herritarrek egin dute deialdiarekin bat, eta haiekin batera Batasuneko hainbat buruzagik parte hartu dute, besteak beste, Joseba Permach, Joseba Alvarez, Pernando Barrena eta Jone Goirizelaiak. Amaierako ekitaldi politikoan konponbidearen muina "Euskal Herriaren ezagutza eta erabakitzeko eskubidea" direla aldarrikatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu