Euskal Herrian gatazka politikoa konpontzeko oinarriak jartzen ari diren honetan, bidean aurrera egiteko neurriak hartzeko eskatu du AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Euskal presoak hartu ditu hizpide. Gatazka gainditu nahi bada prozesu demokratikoaren bidez egin beharko dela ohartarazi du, eta horretarako ezinbestekoa izango dela «gatazkaren arrazoiak konpondu eta ondorioak gainditzea». Hor kokatu ditu presoak: ondorioetan. Hain zuzen, presoen auzia konpontzen ez bada gatazka ez dela konponduko azaldu du, Ipar Irlanda eta Hegoafrika adibidetzat jarrita.
«Euskal Herria benetako bake eta demokrazia egoerara eramateko bidean, derrigorrezkoa da, hasteko, presoek bizi duten egoera larria gainditzeko pausoak ematea, ondoren, preso eta iheslari politikoen etxeratzeari bide emateko», esan du Roberto Novalek, AAMren izenean. «Espetxe politikaren egungo eredua amaitu, eta konponbidearen gakoetan jartzeko garaia da».
Gernikako Akordioa betetzeko ere eskatu die Espainiako zein Frantziako estatuei, horrek konponbideari bide emango liokeelakoan. Halaber, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Gernikako Akordioaren ordezkariekin harremanak izan dituztela azaldu, eta horietan sakondu behar dela ere esan du, EPPK «eragile politiko garrantzitsua» denez prozesuan aktiboki parte hartzea ezinbestekoa izango delakoan. Robert McBride hegoafrikarrak ere preso politikoen parte hartzea ezinbestekoa dela ohartarazi du.
Konponbiderako amnistia beharko dela esan du AAMk
Espetxe politika aldatu, eta «konponbidearen gakoetan» jartzeko eskatu du; neurriak «gaur bertan» hartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu